Jaixak Herrixak Herrixandako sanjuanak antolatzen hasi da

Jaixak Herrixak Herrixandako sanjuanak antolatzen hasi da
2021/05/28 eta kitto!
Jaixak Herrixak Herrixandako plataformak jai-eredu feminista, euskaldun, herrikoi eta parte-hartzaileetan sinesten du eta herritarren laguntza “ezinbestekoa” dela uste du sanjuanetako jai-egitaraua aurrera ateratzeko. Pasa den asteko barixakuan egin zuten aurtengo jaiak antolatzeko lehen bilera irekia eta hemendik aurrera barixakuro 19:30ean elkartuko dira Txaltxa Zelaiko txosnagunean (euria eginez gero, Gaztetxean).

Egungo osasun-egoera kritikoa aintzat hartuta, “orain arte ezagutu ditugun jaiak birpentsatzeko lanetan” dabiltza antolatzaileak. Izan ere, oraindik “txosna inguruan elkarrekin dantza egiteko aukerarik” izango ez den arren, “neurriak betez ondo pasatzeko modu berriak” asmatuko dituzte. Aurten, bereziki “elkarren arteko zaintza eta harremanei” eman nahi diete garrantzia.

Jaixak Herrixak Herrixandako taldeko kideek diote “pandemiaren aitzakiarekin” gazteengan jarri dela jo-puntua, eta, gainera, “sozializaziorako” zituzten espazio gehienak mugatu dizkietela. Gazteentzat “behar-beharrezkoak” diren harremanak bizitzeko gunea sortu nahi dute herriko jaietan, betiere “neurriak errespetatuz gazteok elkartu eta egitarauak aurrera aterata”.

Egitaraua

Egitarauari dagokionez, gazteek argi daukate “elkarzaintza eta aisialdia” izango direla sanjuanetako ardatza. Xede behinekoena “sozializaziorako espazio publiko eta segurua” eskaintzea da. Ekainaren 23an, urteroko legez, Gazte eguna ospatuko da eta, nahiz eta herri-bazkaririk ez den egongo, jai-giroa egingo da: urteroko kamisetak salduko dira, txosnetako edalontzia erabiltzeko eskaera egingo da, argazkiak aterako dira… Gazte antolatzaileek diote “herritarrei kaleak hartu eta jaiak gozatzeko deia egin nahi” dietela, jakinda ezinbestekoa dela “arduraz jokatzea eta elkar zaintzea”.

Jai batzordeak ez du inongo dirulaguntzarik jasotzen eta auto-kudeaketa horrek eragin ekonomikoak ekarri dizkie bai herriko eragileei eta baita Jaixak Herrixak Herrixandako taldeari ere. Azken horretako kideek diote “egitarau mardula aurrera ateratzeko diru asko” behar izaten dela eta “diru-sarrerarik ez izateak programa xumeak prestatzera” behartzen dituela.

Herritarrentzako mezua

Erreportaje honen bitartez herritar guztiei zuzendutako mezua bidali nahi izan dute antolatzaileek: “Jaixak Herrixak Herrixandakok esaten duen moduan, herritarrok herritarrokin eta herritarrontzat egindako jaixak nahi ditugu guk, auzolanean sortutakuak, euskaldunak, feministak, herrikoiak eta parte-hartzaileak. Eta hori inork ez digu eginda emango. Horregatik, bilera irekietan parte hartzeko gonbidapena egin nahi dugu berriz, zenbat eta kide gehiago elkartu, orduan eta kolore gehiago izango dutelako Eibarko jaiek!"