Kilometroak jaiaren kantua aurkeztu dute antolatzaileek

Kilometroak jaiaren kantua aurkeztu dute antolatzaileek
2020/05/31 15:34
eta kitto!
Urriaren 4an ospatuko den 2020ko Kilometroak jaiaren abestia kaleratu dute. Amasa-Villabonan eta Zizurkilen izango da festa, Zubimusu ikastolak antolatuta. Korri, Punpa, Ttak izango da goiburua eta abestiaren izenburua ere hori da.
Xabier Zubeldia Zubimusuko irakasle eta musikariak egin du musika, eta hitzak, berriz, Amaia Agirre Zubimusuko ikasle ohi eta bertsolariarenak dira. Ahots nagusia Juanpa Agirrek jarri dio.
Antolatzaileen berbetan, “Kilometroak proiektuaren baitan pisu handia izaten du kantuak, bai eta bideoklipak ere. Aurtengoan geroago iritsiko da bideoklipa, baina Amasa-Villabona eta Zizurkilen ez ezik, Gipuzkoa osoan barrena eta Gipuzkoatik haratago luze-zabalean hedatzeko irrikaz sortu da abestia. Kilometroak jaia bera bezalaxe, eta Zubimusu ikastolako proiektu pedagogikoari keinu eginez: bizi-bizia”.
Aurtengo udazkena berezia izango da ikastolen aldeko jaiei dagokienez, koronabirusaren pandemiak sortutako egoera dela eta, udaberrian egin ohi diren festak udazkenera atzeratu dituztelako.
Herri Urrats irailaren 20an ospatuko da eta Araba Euskaraz eta Ibilaldia, berriz, egun berean, urriaren 18an egingo dituzte. Nafarroa Oinez, bestalde, bertan behera lagatzea erabaki dute.

https://youtu.be/p8Lx9gJXMz8