Kittonbolia zabalik egongo da Arrate egunean, goizeko 10:00etatik aurrera

Kittonbolia zabalik egongo da Arrate egunean, goizeko 10:00etatik aurrera
2022/09/07 eta kitto!
2019az geroztik Arrate eguna ganoraz ospatzeko aukerarik ez dugu izan, eta zeinen gogorra izan den!  Eibartarrontzat oso bereziak dira Arrateak, uda osteko bilgunea izateaz gain, ikasturte berria beste aldarte batekin hasteko indarra hartzen baitugu.

…eta kitto! Euskara Elkartearentzat ikasturtearen hasiera ere markatzen dute Arratiek. Gaurko bertso-afariak bertsozale ugari bildu ditu gaur Tiro Pitxoian eta bihar, Arrate egunean, Kittonbolia!

Eliza parean egingo duzue topo Kittonboliakin eta, 2003az geroztik izan den bezala, txartelak euro batean erosi eta sariak etxera eramateko aukera izango duzue: gazta, txuleta, afariak, otarrak, bazkariak, motxilak, urdaiazpikoa, Tablet-a, argazki-kamera, ardo-botilak, telebista, Coliseorako sarrerak, kamisetak, diskoak, opari-txartelak… eta beste sari mordo bat duzue zuen zain.

Urtero moduan Eibarko elkarte, denda eta enpresen laguntasunari esker tonbola opariz josita ikusiko duzue. Eskerrak eman nahi dizkizuegu opariak eman dituzuen babesle guztioi, baina aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuegu, egunean bertan boletoak erostera hurbilduko zareten guztioi ere.

Dakizuenez, tonbolatik lortutako dirua Eibarren euskararen alde lan egiteko erabiliko du Euskara Elkarteak. Urteko programa aurrera eramateko ezinbestekoa dugu, ezingo genuke, bestela, Berbetan Mintzapraktika programa, Txikitto!, Euskeraz Primeran! ostalaritza eta merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko programa, Transmisio eta sozializazio Mintegia, bertso- paper lehiaketa, literatura lehiaketak, eskuartean duzun astekaria, etakitto.eus ataria eta sare sozialak… eta beste hainbat proiektu garatu.

Bihar, eguena, 10:00etatik aurrera, beste urtebetez Arraten ikusiko dugu elkar.