Koko-dantzari eta koko-marru konpartsarekin batera hasiko gara Aratosteak ospatzen bihar

Koko-dantzari eta koko-marru konpartsarekin batera hasiko gara Aratosteak ospatzen bihar
2023/02/10 eta kitto!
Bihar egingo da Aratosteetako lehen ospakizuna, Kezka dantza taldekoen eskutik ailegatuko zaizkigun koko-dantzekin. Goizean goizetik ekingo diote egunari koko-marru, koko-dantzari eta gainontzeko pertsonaia ezagunek, koko-eskean ibiltzeko. Parte-hartzaileak Errebalen bilduko dira 08:30ean, betiko moduan lehen agerraldia merkatu plazara joandako baserritarren aurrean egiteko. Eta, ondoren, 09:00etatik 15:00etara, Gorosta eta Mandiola auzoetan ibiliko dira, baserriz baserri. Aurtengo ibilbidea eta gutxi gorabeherako ordutegia hau da: Amazabalei Abeletxia (09:15), Amazabalei Asolaldia (09:30), Amazabalei Goikua - Amazabalei Behekua (09:45), Pagei Abeletxia (10:45), Ixua jatetxea (11:30), Usartza (12:15), Akondia (12:30), Berretxina Behekua (13:00) eta Iturrua Goikua - Iturrua Azpikua (13:45).

Arratsaldean, berriz, herriko kaleetan ibiliko dira kalejiran. Errebalen elkartuko dira koko-mokoak 19:00etan eta, bertan lehen koko-dantzak eta kantuak eskaini ondoren, Mauxitxa txarangak lagundutako kalejira hasiko da: Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Calbeton eta Plaza Barrian kantuan eta dantzan ibili eta gero, azken koko-dantzak eta kantuak Errebalen egingo dituzte, 21:00 aldera. Aurten jaiak murrizketa barik ospatzeko moduan izango garela eta, iluntzean herriko kaleetan egingo den kalejiran jendea dantzan egitera animatu nahi dute eta, horretarako, aste honetan jendeari dantzak irakasteko bi saio ireki egin ditu Kezka dantza taldeak Errebal Plazan. Horrez gain, norbait azken momentuan animatuz gero, dantza ezberdinen inguruko bideo-tutorialak ikus ditzake dantza taldearen Instagram kontuan.

Kezka dantza taldearen eskutik urtero egiten den ekitaldia 2008an antolatu zuten lehenengoz, eta sorreraren nondik norakoak jaso ditu gaur Ego Ibarra batzordeak bere webgunean.