Lizarrako dultzaineroekin hasiko dira bihar San Juan jaiak Eibarren

Lizarrako dultzaineroekin hasiko dira bihar San Juan jaiak Eibarren
2022/06/22 10:05
eta kitto!
Azken bi urteotan horretarako aukerarik ez dugu izan, baina aurten berriz ere jendetza batuko da Estaziño kalean eta inguruan, San Juan egunaren bezperan ailegatuko diren Lizarrako dultzaineroei ongietorria emateko. Horrela, eibartar gehienentzat jaietako ekitaldirik gogokoena dena bueltan izango da eta sekula baino gogo gehiagorekin itxarongo ditugu gaiteroen lehen notak, jaiak eztanda egiteko.

Ekainaren 23an, 13:00ean egingo zaie harrera Lizarrako dultzaineroei, tren geltokiaren aldamenean beraien omenez dagoen brontzezko irudiaren aldamenean. Udal ordezkariak eta aurtengo omenduak agurtu eta aurtengo Sanjuanetako zapia jantzi eta gero, orduan hasiko da Untzagaraino joango den kalejira, gaiteroen doinu alaiaren erritmora.

Eibartar askorentzat bereziki hunkigarria izaten den ekitaldia are hunkigarriagoa izango da, gainera. Izan ere, 2019an izan genuen Lizarrako dultzaineroei horrela harrera egiteko azken aukera. Edozein modutan ere, beraientzat ere une berezia izango da, askotan esan duten moduan, Eibar bihotzean daramate eta. Eta, ezer esango ez balute ere, nabari zaie gure artean gustora aritzen direla. Izan ere, pandemiak jaiak ospatzea galarazi dituen bi urteetan ere Eibarrera etorri dira, unean-uneko neurrietara moldatuta dultzainarekin eibartarrak alaitzeko asmoz.

Askorentzat Sanjuanak hasita egongo diren arren, beste askorentzat dultzaineroak etortzearekin batera hasiko dira jaiak, modu ofizialean bai behintzat. Aurtengo kalejiran, bestalde, oso ondo inguratuta joango dira Lizarrakoak. Izan ere, beste batzuetan baino elkarte eta eibartar gehiago omenduko ditu Udalak eta horiek guztiak ohorezko gonbidatuak izango dira jaien hasierako ekitaldian. Eta, jakina, gazteen koadrilak ere han izango dira, kamiseta, peto eta bestelakoen koloreekin txupinazoa alaitu eta girotzeko  prest. 65 bat koadrila, 1.000 gazte inguru izango dira guztira.

Aurtengo omenduak
Azken bi urtetan ezin izan direnez jaiak normaltasunez bizi, omenaldia merezi dutenen merituak ere pilatzen joan dira eta oraingoan gure herriko aurreko jai nagusien bueltan izan direnen kopurua handitu egin da. Jon Iraola alkateak ere horrela zioen jaien aurkezpenean: “Azken bi urtetan omendu ezin izan ditugunak orain jasoko dute gure errekonozimendua. Betiko lez, Eibarko esparru kultural, sozial eta kiroletakoak kontuan harturik omenduko ditugu pertsona, klub eta entitateak”.

Omenduek, jakina, eta ohikoari jarraituz, jaiei hasiera emateko Lizarrako dultzaineroekin egiten den kalejiran hartuko dute parte, eta baita udaletxean egiten den pregoian eta txupinazoan ere. Honakoak dira aurtengo omenduak: J.D.Arrate eta Eibar Eskubaloia eskubaloiko taldeak (75. eta 10. urteurrena betetzen dute, hurrenez hurren), Jesús “Txus” Alzaga (40 urtez CD Urkirekin lotua), Manu Aguirre (Eibarren judoa sustatzen egindako lanagatik), Maite Arroitajauregui musikaria (Goya saria lortu zuen musika original berriari Akelarre filmaren soinu-bandagatik), Mikel Oyarzabal futbolaria (2021eko kirol-lorpenengatik), UEU (50. urteurrena bete izan duelako aurten), Aspace elkartea (hau ere bere 50. urteurrenean) eta Ekingune ekintzaileen elkartea (bere 10. urteurrenean).

Aurrekoarekin lotuta, ezin dugu ahaztu Maite Arroitajauregi eta Mikel Oyarzabal lehen ere, pandemia sasoian, omenduak izan zirela, iaz jaso baitzuten Txopitea eta Pakea saria; orduko hartan omenaldiak ateak itxita eta murrizketak indarrean zirela egin behar izan baitziren. Iraola alkateak ere bere interbentzioan esan zuenez, “bueltan dira Sanjuanak eta egitarau oso bat egongo da jaietan haietaz gogotsu disfrutatzeko. Askotariko jardueraz betetako eskaintza bat, ezinezkoa litzatekeena herriko talde sozial, deportibo eta kulturalen partaidetzarik gabe”. Aurrekoa kontuan izanik, eskerrak eman zizkien aurtengo egitarauan parte hartu duten 30 elkarteei.

Egitarauan lagun
Urtero bezala, hainbat elkartek hartu dute parte aurtengo jai-egitaraua prestatzeko, Udalarekin batera. Honakoek osatzen dute aurtengo zerrenda: Amaña es la Caña, Amañako Jai Batzordea, Antzerki Laborategia, As Burgas Galiziako Etxea, Ballet Eibarres, Beheko Tokia, Biraka, Cielito Musika Banda, Danborrada, DYA, Eibar Igerixan, Eibarko Txirrindulari Elkartea, Emakumeen Mahaia, Gaste, Ipurua Gimnasia Erritmikoa, Kaleetan Kantuz, Kantabriako Etxea, Karnaba Zaleak, Kaxa, Kezka Dantza Taldea, Klub Deportiboa, Koro Gaztea, Musika Eskola, Nele, Odisea, Parrokiako Korua, Rugby Taldea, Sostoa, Tiro al Vuelo, Untzaga Jubilatuen Etxea, Usartza Txistulari Taldea eta Eibarko kuadrillak, ...eta kitto! elkartearekin batera.