Maleta prest jairik jai ibiltzeko

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Maleta prest jairik jai ibiltzeko
ETA KITTO 2019, Uzt 19

Sanjuanak, Amañako jaiak eta San Kristobalgo jaiak pasata, Eibarren atsedena hartu dugu jaiei dagokienez. Inguruko herrietan, ordea, martxa betean ibiliko dira datozen egunotan. Malen jaiak, Santixauak, Santanak… uztailari amaiera ezin hobea emateko aukera egongo da Mutriku, Ermua, Mendaro eta Soraluzen, besteak beste. Festarako gogo gehiago izanez gero, abuztuko agenda beteta dator Eibar (San Salbador eta Azitain), Zumaia, Deba, Elgoibar eta beste hainbat tokitan.

 

Ez da gehiago itxaron behar Mutrikuko Malen jaiez gozatzeko. Gaur bertan txosnak irekiko dituzte eta ‘Arrano pertxak’ eta ‘Meets Gatomek’ taldeek saio bikoitza eskainiko dute. Bihar, zapatua, Mozorro eguna ospatuko da eta txosnagunea mozorrotuko dute, dantza ikuskizuna egongo da, zestapunta txapelketa lehiatuko da eta DJ Jussefek ikuskizuna eskainiko du. Domekan, Malen bezperan, Gazte eguna ospatuko da. Goizetik gauera egitarau zabala prestatu dute eta, tartean, ‘gazte bazkaixa’, elektrotxaranga, larrain-dantza herrikoia, danborrada eta kontzertuak egongo dira. Astelehena, Malen eguna, ekintzaz beteriko eguna izango da berriz ere. Haur-parkea, musika bandaren kontzertua, sokamuturra, herri-kirolak, mariatxia, kontzertuak (tartean, ‘Mugi Panderoa’), su artifizialak… ez da ezer faltako. Malentxiki egunean haur parkea, erraldoiak eta buruhandiak, pottokak eta zezen txikiak, bazkari herrikoia eta hainbat musika emanaldi (‘Gozategi’) egingo dira, besteak beste. Kuadrilla egunean, egun osoko egitarau betearen ondoren, ‘Liher’ eta ‘Willis Drummond’ taldeen kontzertuek eguna borobilduko dute; eta Santixo egunarekin emango zaio amaiera jaiei.

 

Ermuan ere gaurtik izango dugu jai giroa, jaietako ikurretako bat den playback lehiaketarekin. Bihar hainbat kirol-proba eta jolas egingo dira, eta ‘Medina Azahara’ taldeak kontzertua eskainiko du San Pelaio plazan. Domekan eta astelehenean ere hainbat ekintza prestatu dituzte, eta martitzenean Umeen eguna ospatuko da. Buruhandiak, haurrentzako tailerrak, txokolate-jana, musika eta apar jaia egingo dira, eta ‘Festan Blai’ gunea jarriko dute gazteentzat. 24an, Santixau bezperan, txarangen aurkezpena eta kalejira egingo da herriko kaleetan eta gauean ‘Orihen’, ‘We are apes, hello!’ eta ‘Cronopolis’ taldeek kontzertua eskainiko dute. 25ean eta 26an herri-kirolak, pelota partiduak, larrain-dantza, kale ikuskizunak, eta musika ikuskizunak izango dira, besteak beste. Eta 27an, jaiei amaiera emateko, paella lehiaketa tradizionala egingo da eta ‘Mocedades’ taldeak kontzertua eskainiko du.

 

Soraluzen 24an hasiko dira jaiak ospatzen. 12:30ean txosnak irekiko dituzte eta gauean kontzertuak egongo dira. Tartean, ekintza ugari. Santiago egunean ere, 25ean, goizetik gauerako egitaraua prestatu dute herri bazkaria, hainbat txapelketa, ‘Broken brothers’ taldearen kalejira eta ‘Duo Plaentxiren’ omenaldia tarteko. 26an ‘Soraluzeko Gaiteroek’ emango diote hasiera Santa Ana egunari goizeko 07:00etan. Gero zezenak, bakailao lehiaketa, txistulariak, elkartasun bazkaria, kalejirak, larrain-dantza eta kontzertuak egongo dira. 27an emango zaie amaiera jaiei, baina egun handia izango dute aurretik eta musikak protagonismo handia edukiko du elektrotxarangarekin, disko festarekin eta kontzertuekin.

 

Mendaron 24tik 28ra prestatu dute jaietako egitaraua. 24an 19:30ean izango da txupinazoa eta gauean musika nagusituko da. 25ean haurrentzako txirrista erraldoia jarriko da Azpilgoetan eta kantaldia, dantza, zezen txikiak eta poniak, danborrada eta ‘Akerbeltz’ taldearen kontzertua egongo dira. 26an Gipuzkoako I. mailako Aizkolari Txapelketa lehiatuko da eta arratsalde eta gauean ‘Lehian’ taldeak dantzaldia eskainiko du. 27an herri bazkaria egingo da eta, koadrilen arteko jolasen ondoren, ‘Su Ta Gar’ taldeak kontzertua eskainiko du. 28an, azkenik, zaharren eta haurren eguna ospatuko da euskal dantzekin, pilota jaialdiarekin, haurrentzako jolas-parkearekin eta haurren danborradarekin.

 

 

Argazkia: soraluze.eus

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »