San Isidro ospatuko dute baserritarrek gaur Arraten

San Isidro ospatuko dute baserritarrek gaur Arraten
2012/05/15 00:00
eta kitto!

Gaur egun haundia da baserritarrentzat, zaindari duten den San Isidro gogoratzeko eguna hain zuzen ere eta, urteroko moduan, Eibar eta inguruko baserritarrek jai giroan emango dute eguna Arraten.
11.00etan ekingo diote egitarauari, Narbaiza, Lizarreta eta Ziarda bertsolarien eta Balzola Anaiak trikitilarien parte-hartzea izango duen meza ospatuta. Parrokiako abesbatzak ere bertan kantatuko du. Ondoren Usartzako txistulariek lagundutako prozesioa eta Kezkako dantzariek eskainitako aurreskua egingo dituzte eta, urteroko martxari jarraituta, nahi duenak Sagarmiña Getariko txakolina, Andutzene, Mausitxa, Sosola eta Goienetxe artzai-gazta eta aire librean hazitako Basatxerri ezaugarria duten txerrikiak probatzeko aukera izango du. San Isidroetako X. Aizkolari Txapelketa 12.45etan hasiko da, Larretxea, Mugika, Ernesto Ezpeleta "Bihurri", Txikon, Zelai eta Atutxa aizkolariekin eta tartekaturik Izeta II.a, Ostolaza eta Landarbide harrijasotzaileek saioa eskainiko dute.14.00ak aldera Kantabria jatetxean bazkaltzen hasiko dira eta bazkalostean sei herrietako aitona-amona nagusienei opariak banatuko zaizkie. Jarraian bertsolariek eta trikitilariek girotuko dute bazkalostea eta 17.30etan hasiko diren idi-demekin agurtuko dute jaia. Probalekuan Agarrezahar (Azkoitia), Soarte (Elgoibar) eta Oliden-en (Orio) idi-pareek jardungo dute.