San Juan pilota txapelketako bost finalak jokatu ziren zapatuan Astelenan

San Juan pilota txapelketako bost finalak jokatu ziren zapatuan Astelenan
2022/06/22 eta kitto!
Txurruka eta Condek jantzi zuten txapela seniorretan Narbaiza eta Agirresaroberi irabazita; Ibarra eta Iraolagoitiak eraman zuten jubeniletakoa Markinako bikoteari gailenduta; infantiletan txapela Liher Gil eta Ekhi Azpilikuetarentzat izan zen Aratz Amillategi eta Ugaitz Segurolari irabazi ondoren; Sugar Hernandez eta Beñat Oñederrak alebin mailako txapela bereganatu zuten Haritz Arakistain eta Ekain Olaetxeari irabazita; eta benjaminetan Gari Prieto eta Enaitz Arriola bikotea izan zen txapeldun Amets Orueta eta Markel Segurolaren aurrean.

Egun berezia bizi izan zuten gure herriko pilotazaleek zapatu goizean, Eibarko Pilota Eskolaren inguruan lanean dabiltzanak bildu zituen ekitaldian, pilotarien guraso eta senideekin batera. Han izan ziren, baita, Jon Iraola alkatea eta Ander Curiel kirol zinegotzia sariak banatzen, eta amaierako piskolabiak aurtengo kurtsoa agurtu zuen irailera arte.

Zapatuan, bestalde, izan duten denboraldi ikusgarriaren amaiera borobiltzeko, Aratz Amillategik eta Liher Gilek osatutako Eibarko Klub Deportiboaren bikoteak errendimendu mailako Udaberri eskuz binakako txapelketaren finala izango du jokoan Alegiako Elorri pilotalekuan, Intxurreko bikotearen aurka.