Sanjuanetarako bost ekitaldi antolatu ditu Udalak, denak ateak itxita, grabatu eta zuzenean emateko

Sanjuanetarako bost ekitaldi antolatu ditu Udalak, denak ateak itxita, grabatu eta zuzenean emateko
2020/06/08 eta kitto!
Aurtengo Sanjuanetarako gehienez ere bost ekitaldi antolatuko ditu Udalak, denak ateak itxita, eta grabatu eta zuzenean emango dituzte. Hala erabaki zuten Kultura batzordekideek aurreko barixakuan egindako bileran eta, azaldutakoaren arabera, “osasun publikoa arriskuan jar dezaketen jende-pilaketak saihestea” da helburua. Udalak jakinarazi duenez, hainbat bilera eta eztabaidaren ondoren, Batzordeak aho batez erabaki du jaietako egitaraua ekitaldi esanguratsuenak edota tradizionalenak bakarrik egitera mugatzea, ateak itxita eta udaletxeko patioan. Hala ere, herritarrek streaming bidez ikusi ahal izango dituzte, Eibarko Udalaren komunikazio-kanalen bidez.

Horrela egingo dute, adibidez, ekainaren 23an: 11:00etan Usartza Txistulari Bandak San Juan Zortzikoa eskainiko du eta 13:00ean Lizarrako dultzaineroen emanaldi labur bat egingo da. Biak udaletxean egingo dituzte eta, horrez gain, Kultura batzordeburuaren proposamenez, omenaldia egingo zaie Debabarreneko osasun-langileei (Ospitaleko langileak, zahar-etxeetakoak, Gurutze Gorriko boluntarioak, eta beraien ekimenez, aurpegirako maskarillak eta pantailak egin dituztenak). Iluntzeko 20:00etan, Coliseo antzokian, Liskerrek emanaldia egingo du. Eta ekainaren 24an, berriz, Kezka Dantza Taldearen txanda izango da, 20:30ean Coliseoan. Esan dutenez, “Udalak jaietako hitzordu esanguratsuenak mantendu nahi izan ditu, ezarritako osasun-arauei egokituz eta osasun publikoa arriskuan jar dezaketen jende-pilaketak saihestuz”.

Kartel lehiaketa

Bestalde, jaiekin zer gertatuko zen jakin aurretik, Udalak jaietarako kartel lehiaketa deitu zuen eta aukeratu dituzte dagoeneko proposamen irabazleak: lehiaketa Eneritz Larrea Arozena elgetarrak irabazi du, “Festak jarrai dezala” kartelarekin. Haurren kategorian, irabazlea Andoni Olcoz Gerardi izan da, “Sanjuanak 2020” kartelarekin. Eta 11-14 urteko kategorian, irabazlea Lorea Sarasketa Salomon izan da, “Coronavirus sutara” kartelarekin. 61 kartel aurkeztu dituzte, 50 helduen kategorian eta 11 haurren kategorian.

Andoni Alcoz Gerardiren “Sanjuanak 2020” kartela Andoni Olcoz Gerardiren “Sanjuanak 2020” kartela

 

Lorea Sarasketa Salomonen “Coronavirus sutara” kartela