Txistorraren Eguna eta San Andres Bakailao Txapelketa izango ditugu asteburuan

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Txistorraren Eguna eta San Andres Bakailao Txapelketa izango ditugu asteburuan
ETA KITTO 2022, Aza 25

Bihar, zapatua, Txistorraren Egunaren XVIII. edizioa hartuko du Untzagak, Eibarko Txirrindulari Elkartearen eskutik. Egun osoko jaia izango da, goizeko 09:00etan hasi eta 21:00etan amaituko dena. Egun osoan zehar txistorra pintxoak saltzen egongo dira (txistorra kilometro bat zatitu eta pintxoetan eskainiko dute) eta, horrekin batera, musika emanaldiak eta kirol erakustaldiak ere eskainiko dituzte.

Txotx sanandres

Goizeko 11:00etan zabalduko dute txotxa Amaiur Mayo errugbilariak, Arrate Eibar Eskubaloiak eta K3 inprimategiak, Elgoibarko dultzaineroen laguntzarekin. Bazkaltzeko ordura arte arituko dira dultzaineroak Untzaga plaza eta inguruak alaitzen. Eta bazkalostean, arratsaldeko 18:30ean hasiko dira berriz ere pintxo eta edarien salmentarekin. Jaia agurtzeko, 21:00etan egingo dute egunean zehar saldutako rifaren zozketa.

Eta, horrez gain, 19:00etatik 21:00etara Ustekabe txarangakoak kalejiran ibiliko dira, kaleak girotzen eta, jarraian, Gorka Perez DJ-ak saioa eskainiko du Errebal Plazan, 19:00etatik 22:00etara, dohainik.

Domekan, berriz, XXVIII. San Andres Saria Bakailao Txapelketa egingo da Untzagan, 11:00etatik aurrera, 31 bikoteren parte-hartzearekin.

Bakailaoa

 

San Andres jaiak ospatzeko egitaraua aurreko asteburuan hasi zen, domekan Errebal Plazan egin zen San Andres Eskolarteko XVIII. Bakailao Txapelketarekin, eta astean zehar egitarauaren barruan antolatutako beste bi jarduera egin dira: Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin, Udalarekin eta herriko tabernariekin elkarlanean Arrate Kultur Elkartearen eskutik egin den “San Andres Saria” Eibarko tabernarien arteko XVIII. Pintxo Lehiaketa; eta …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta atzo Coliseo antzokiak hartu zuen San Andres XXVII. Bertso Jaialdia eta bertso-paper lehiaketako sariak banatzea.

 

Elektrotxaranga eta erromeria San Andres bezpera girotzeko
Bestalde, azaroaren 29an, San Andres bezperan, 19:30ean zabalduko da Jaixak Herrixak Herrixandakoren barra. Untzagako karpan. 20:30ean talde-argazkia egingo dute eta, jarraian, ElektroPottotte elektrotxaranga ibiliko da Untzaga inguruan kalejiran. Gauerako erromeria antolatu dute, Altxa Porru! taldearekin, 22:30ean karpan.

Nekazal azoka Untzaga eta Txaltxa Zelaiko karpetan
Eta San Andres egunerako programa, beti bezala, XLIII.  San Andres Azokak zabalduko du, 09:30ean. Nekazal produktuekin parte hartzera etorriko diren 53 postuak Untzaga eta Txaltxa Zelaiko karpetan (jatorri-deitura duten produktuekin) egongo dira: 19 postutan ogia salduko dute; beste 14 postutan gazta (horietako hamabik jatorri-deitura duten produktuak eskainiko dituzte); beste hamarrek barazkiak; zazpik eztia; eta frutarekin, lorekin eta ontziratutako produktuekin postu bana egongo da.

Bestalde, abereak Calbeton kalean erakutsiko dituzte. Aritxuleta, Mandiola Gainekua, Zumaran, Arizmendi Goikua, Orbe, Agarre-Azpi, Untzeta, Gisasola eta Mendigoitxi baserrietatik ekarritako animaliak ikusi ahal izango dira (behiak, ardiak, pottokak, poniak, zaldiak, ahuntzak, oiloak, antzarak, astoak eta idiak).

Gainera, 11:30etik aurrera Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du, eta 12:00etan Toribio Etxebarria kalean Binakako Aizkolari Txapelketa hasiko da. Ordu berean hasiko da bertsolari eta trikitilarien saioa, Untzagan, eta jarraian kalejiran ibiliko dira.

Ordu erdi geroago, 12:30ean, hasiko da Plazara Dantzara erromeria Untzagan, Kezka Dantza Taldearen eskutik eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin. Sanandresetarako antolatu diren lehiaketetako sariak banatzeko ekitaldia, bestalde, 13:00ean izango da, Untzagan. Eta, jaiari agur esan aurretik, Kezka dantza taldearen eskutik Plazara Dantzara bigarren saio bat egingo da Untzagan, 18:00etatik aurrera.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »