Untzaga plaza sagardotegi bihurtu duen Sagardo Egun arrakastatsua ospatu dugu

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Untzaga plaza sagardotegi bihurtu duen Sagardo Egun arrakastatsua ospatu dugu
ETA KITTO 2022, Urr 01

Giro ederrean ospatu dugu gaur Sagardo Egunaren XXVII. edizioa. Eguzki ederrarekin hasi da …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik ospatzen den jaialdia, eguerdiko 12:00etan txotxa zabaltzearekin batera. Orduan egin zaio omenaldia Leire Narbaizari, euskararen alde egindako lanarengatik. Euskara-irakasle, euskalgintzako militante, hainbat hedabidetako kolaboratzaile, tartean …eta kitto! astekarikoa, egindako guztia eskertu eta errekonozituko nahi izan zaio aurtengo Sagardo Egunean eta Ekaitz Olaizola elkarteko presidentearen eskutik jaso du oroigarria. Goiza musikarekin girotzen aritu dira, bestetik, Marisol Arrillaga eta musika eskolako trikitilariak. Gainera, Kimuko txalapartariek saio ederra egin dute, harrizko txalapartarekin. Sagardoa egiteko prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan da, Untzagan egon den dolarean, eta kirikoketarekin sagarrak txikitzera ere animatu dira hainbat lagun.

Egun osoa bete du jaiak eta Untzagan eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak hamahiru sagardotegitatik (Alorrenea, Altzueta, Astarbe, Barkaiztegi, Begiristain, Bereziartua, Gartziategi, Gaztañaga, Izeta, Lizeaga, Olaizola, Sarasola eta Zelaia) ekarritako sagardoa banatu da goizean zein arratsaldean, botila guztiak hustu eta jaia agurtzeko ordua ailegatu den arte.

…eta kitto! Euskara Elkarteak eskerrak eman nahi dizkio jaian parte hartzera animatu den jende guztiari, baita Sagardo Eguna ospatu ahal izateko egun osoan lanean aritu diren lagun guztiei ere.

HEMEN ARRATSALDEKO ARGAZKIAK:

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »