Urriaren 1ean ospatuko den Sagardo Egunaren XXVII. edizioa aurkeztu dute

0    Euskara, Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Urriaren 1ean ospatuko den Sagardo Egunaren XXVII. edizioa aurkeztu dute
ETA KITTO 2022, Ira 21

Pandemiaren ondorioz azken bi urteetan egin izan gabe egon eta gero, berriro itzuliko da Eibarrera Sagardo Eguna …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik. Hala eman dute aditzera gaur arratsaldean, euskara elkartearen lokalean egindako aurkezpenean. Esandakoari jarraituz, “XXVII. edizioa indartsu etorriko zaigu gainera; herrian oso estimatua den ekintza da eta, bi urteko etenaren ondoren, herritarrak gogotsu daude Eibarko Sagardo Eguneko sagardoa dastatzeko. Hitzordua urriaren 1ean dugu, eta, eguerdiko 12:00etan hasita, egun osoko jaia hartuko du Untzagak”.

Txotx eginez ekingo zaio Sagardo Egunari, eguerdiko 12:00etan puntuan. Horrekin batera, eta azken edizioak izan zuen berritasunari jarraituz, “omenaldia egingo zaio euskararen alde horren lan handia egin duen eta egiten diharduen Leire Narbaizari. Euskara-irakasle, euskalgintzako militante, hainbat hedabidetako kolaboratzaile, tartean …eta kitto! astekarikoa, egindako guztia eskertu eta errekonozituko zaio Sagardo Egunaren hasieran”, nabarmendu dute antolatzaileek aurkezpenean. Marisol Arrillagak eta trikitilariek eta KIMUko txalapartariek girotuko dute goiza musikarekin, eta sagardoa egiteko prozesua bertatik bertara ezagutu nahi duenak dolarea izango du ikusgai.

Gipuzkoako 13 sagardotegitako eskaintza

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak ekarriko du sagardoa, hamahiru sagardotegitatik: Alorrenea, Altzueta, Astarbe, Barkaiztegi, Begiristain, Bereziartua, Gartziategi, Gaztañaga, Izeta, Lizeaga, Olaizola, Sarasola eta Zelaia. Sagardoa dastatzeko moduan ez da aldaketarik egongo: “Zortzi euroko tiketa erosita nahi beste sagardo probatzeko edalontzia, zapia eta pintxoa hartzeko aukera izango dugu; txorizo- edo gazta-pintxoa bera bakarrik bi eurotan salduko da”.

Luxuzko asteburuaren zozketa

Aurtengo edizioak badu berritasunik; izan ere, urriaren 1ean bertan iluntzean, luxuzko asteburua zozketatuko du …eta kitto!-k. Egunotan, eta Sagardo Egunean bertan, rifak egongo dira salgai, euro baten, eta zozketatuko den saria hau izango da: urriaren 22-23ko asteburua Bilbon. 22an afaria El Viejo Zortzi jatetxean; gaua eta gosaria Carlton hotelean eta 23an bazkaria Bistró Guggenheim Bilbao jatetxean. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Industrias Pampori zozketa egiteko eman digun laguntasunagatik”, azaldu dute antolatzaileek.

Lantalde handia

Ohituta gaude Sagardo Egunean Untzaga plaza beteta ikustera, ehundaka lagun erakartzen baititu egun horrek. “Baina barraren bestaldean ezeze, barruan ere jende ugari behar izaten dugu dena behar den moduan antolatzeko, eta lantalde izugarria izaten du Sagardo Egunak atzean: bazkideak, lagunak, etxekoak… Berbarik ez dugu eskaintzen diguten laguntza handi hori eskertzeko. Ziur asko … eta kitto!-k antolatzen duen ekintzen artean hau izango lantalde handiena elkartzen duena”. Lantalde handia behar izaten dela eta, laguntzeko prest dagoen edozein ongietorria izango dela adierazi dute antolatzaileek. Beraz, norbait sagardoa zerbitzeko prest egonez gero, arduradunekin kontaktuan ipintzeko eskatu dute (943200918 telefono zenbakira deituta). Eta hitz horiekin batera gonbidapena, “eibartarrak eta inguruko herritarrak animatu nahi ditugu, etor daitezela urriaren 1ean eta egin dezatela txotx …eta kitto!-rekin batera”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »