Jesus Gutierrez Arosa: “1934ko iraultzan atxilotutako hirurehun lagunetatik askok tortura gogorrak jasan zituzten Eibarren”

Jesus Gutierrez Arosa: “1934ko iraultzan atxilotutako hirurehun lagunetatik askok tortura gogorrak jasan zituzten Eibarren”
2021/10/13 eta kitto!
Bihar, hilaren 14an, Jesus Gutierrezek "La revolución de octubre en Eibar," hitzaldi-zikloaren laugarrena eskainiko du Armeria Eskolan, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Ego Ibarra batzordeak sustatutako ekimenak Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkartearen laguntza izango du. Eibarko historialariak 1934ko urriaren 5ean gure herriak bizi izandakoaren berri emango du, sasoi hartako errealitatea gerturatuz.

Zer esanahi izan zuen 1934ko Iraultzak gure herrian? Zenbateraino eragin zuen? Asko aldatu zuen eibartarren bizitza?
Espainian emandako 34ko iraultza CEDA Errepublikako Gobernura iritsi zenean eman zen. Eskumako alderdia zen, faszismoarekin hainbat lotura zituena, eta 1931ko Konstituzioaren bidez ezkerreko gobernuak aurretik garatutako lege progresista guztiak ezabatzea zuen helburu. Hori dela-eta, eibartar asko 1934ko urriaren 5ean kalera irten ziren Errepublikaren sorrerako baloreak babestera.

Eibarren gertatutakoa zerbait berezia izan zen? Egon zen horrelako erantzunik inguruko edo urrunagoko herrietan?
Eibarren zazpi hildako izan ziren, iraultzaileak, orden publikorako indarrak eta eskumako jendea tartean. Ez zen kasualitatea izan Eibar eta Arrasate bezalako herriak hain esanguratsuak izatea 34ko urrian, bertan zuten Errepublikaren aldeko zalantzarik gabeko konpromisoa tarteko. Bietan iraultzaileek herria euren esku hartu zuten armekin hainbat ordutan; beste toki batzuetan egoera bestelakoa izan zen, greba orokorraren eta talka armatuaren artekoa.

Parte-hartze horrek izan zituen ondoriorik geroago? Mendeku gosez jardun zuten gerran eta ondoren Eibar zigortzeko?
Hirurehundik gora lagun atxilotu zituzten Eibarren, eta euretako asko udaletxeko lokaletan sartu zituzten, dokumentuetan azaltzen diren mota guztietako tortura beldurgarriak jasotzeko; Guardia Zibileko eta Asaltoko Guardiako kideek atxilotutakoekin sinestezinezko astakeriak egin zituzten. Errepublikarekin konprometitutako Eibar haren sinboloak laguntzen du ulertzen zergatik eman zen puntako basakeri hura. Ondoren, Iruñean eta Guadalupen kartzelaratu zituzten.

Zazpi hildako egun bakarrean eta 300dik gora atxilotu. Balantzea larriagoa izan zitekeen? Tamainakoa izandako istiluen arabera?
Altxamenduaren prestakuntzak ez zituen garatutako oinarririk, eta erabilitako arma eta lehergailuek, eurek bakarrik, asko mugatu zituzten arrakastatsu izateko aukerak behin Ejerzitoak eta segurtasun indarrek altxatutakoak inguratu zituzten unetik bertatik. 1936ko epaiketan Fiskaltzaren eskaerak oso larriak ziren, baina zorionez handik gutxira emandako Frente Popularraren garaipenak amnistia ekarri zuen. Zoritxarrez, handik hilabete gutxira militar kolpistek emandako estatu kolpeak Gerra Zibila ekarriko zuen jarraian.

Sasoi hartako eta gaurko Eibarren artean badago loturarik? Zer galdu eta zer irabazi dugu 1934tik hona?
Gaurtik ikusita zaila egiten zait askatasunaren eta progresoaren alde hainbeste inplikatutakoen motibazioak ulertzea. Laburbiltzeko, esango nuke ez dela gauza bera militantea izatea edo afiliatuta egotea. Ez aditzek, ezta sustantiboek ere, ez dute gauza bera esan nahi orduan eta gaur egunean, errealitateak ere desberdinak izateaz gain. Orduko eibartar haiek bizi zuten askatasunaren aldeko defentsaren benetakotasunak langile klasearen bilakaera ulertzen zuen zentzu internazionalista gaur egun oso desnaturalizatuta dago, ez du zerikusirik. Xaloegiak izan ziren, edo punta-puntako idealistak? Baliteke horrela izatea, baina ezingo zaiena da euren benetakotasuna eta koherentzia ukatu eurentzat Errepublikak zekarren askatasunen erregimena arriskuan ikusi zutenean.