Jose Antonio Blanco “Perroantonio”, idazlea: “Norbaitek behatza sartu behar du konfort orokortuaren begian”

Jose Antonio Blanco “Perroantonio”, idazlea: “Norbaitek behatza sartu behar du konfort orokortuaren begian”
2017/04/20 eta kitto!
“Te voy a hacer una autocrítica. Diccionario para entender a los humanos” liburuaren aurkezpena egingo du Jose Antonio Blanco (Perroantonio) egileak datorren astelehenean. Perroantonio gaitzizena Barakaldon 1961. urtean jaio eta Eibarren bizi den idazlearen “amorruzko bertsioa” da. Filologoa eta kazetaria da eta  bi poesia liburu ere argitaratu ditu, “Dermatológicas” eta “Otros poemas” (Pamiela, Iruña, 1986) eta “Thriller” (Laida, Bilbo, 1990). Ekitaldia 19:00etan hasiko da, Portalean, eta Antonio Riverak egingo ditu aurkezle lanak.

- Nolako liburua da?

Umorezko definizioz eta definizio sarkastiko eta ironikoz osaturiko hiztegi bat da. Nire helburua irakurlea barrez jartzea edo hasarreraztea ere izan daiteke. Siestatik esnatzea ere bai, akaso. Jendartearen iritziaren kontra eginez definitzen ditut hitzak, bestela aspergarria egingo litzaidake. Adibidez, “hileta: hildako bat agurtzeko zeremonia, non bere inguruko oroitzapenak gezurrekin baltsamatzen diren”. Ideia originala ez da nirea, Ambrose Biercerek hasitako bidea jarraitzen dut. 20 urtez hainbat egunkari amerikarretan argitaratu zituen bere definizioak eta 1911.urtean “Deabruaren Hiztegia” izeneko liburuan bildu zituen guztiak. Nik 1986. urtean irakurri nuen bilduma hau lehen aldiz eta liluragarria iruditu zitzaidan. Nire liburuan Bierceren aldean zehatzagoa izaten saiatu naiz, lehorragoa eta ez hain zinikoa. Hala ere bere garraztasun maila mantendu dudala esan dezaket.

- Zeintzuk dira hiztegian sartzeko aukeratu dituzun hitzak?

Kultura, politika, ohiturak, erlijioa, sinesmenak, ekonomia, modak eta topikoak izan ditut irizpide eta gai hauekin lotutako hitzak aukeratu ditut. Ez du merezi arkatz bat zer den azaltzeak, baina bai agian igarle bat definitzeak. “Igarle: etorkizuna igartzeko eta kaikuak detektatzeko ahalmena duen pertsona, baina alderantzizko ordenan”. Bizitza sozialak badu iruzur puntu bat eta norbaitek behatza sartu behar du konfort orokortuaren begian.

- Nolako harrera izaten ari da liburua?

Penintsula osoan zehar zabaldu da dagoeneko eta lau hilabete daramatza merkatuan soilik. Saltzen dela ematen du. Ez dago publiko konkretu bati zabalduta, baina umoredun jendeak gozatuko du bakarrik liburuaz eta batez ere, bakoitzaren buruari eta ohiturei barre egiten dakiten pertsonek. Aste honetan bertan nire editoreak komentatu didanez, irakasle batek ikasleekin liburua lantzeko asmoa agertu du. Juan Carlos errege ohiak esango lukeen bezala, “me llena de orgullo y satisfacción”. Dena den espero dut irakasleak gizarte, filosofia edo lengoaia irakastea eta ez matematika edo gorputz heziketa, oso gutxi hitz egiten baitut azken bi gaiez.

kartela