Jose Ignacio Frontaura, Eibarko pentsiodunen ordezkarixa: "Ez dogu atzera egingo eskatzen doguna lortu arte"

Jose Ignacio Frontaura, Eibarko pentsiodunen ordezkarixa: "Ez dogu atzera egingo eskatzen doguna lortu arte"
2019/01/28 eta kitto!
Jubilauak pensiño duiñak eskatzeko burrukari ekin zetsela urtebete egin zeban urtarrillaren 15ian eta, hori gogoratzeko, astelehenian manifestaziñua egin eben Eibarko pentsiodun eta jubilauak, Untzaga pentsionisten plataformak, Biztu alkartiak, Aguijupens Debabarrenak eta Duintasuna alkartiak deittuta. Untzagatik abiatu
eta jarraixan eurixa hasi arren, jubilauak ez ziran kikildu eta, aurreko urte osuan egindakuari jarraituta, euren eskaeriak herriko kalietan ozen entzunarazi zittuen beste behin.

- Urtebeteko mobilizaziñuak eta gero, zelako baloraziñua egitten dozue?

Baloraziñua positibua da. Gauza gitxi batzuk baiño ez dittugu lortu, baiña edozelan be lorpen guztiak aurrerapausua dirala pentsatzen dogu, oin arte lortu dittugunak gauza txikixak izan arren. Bestiak beste, politikuen agendan sartzia eta geuri buruz berba egittia lortu dogu eta, horrekin batera, hobekuntza txiki batzuk be lortu dittugu, nahiz eta lortutakuak guk eskatzen dittugunetatik oso urruti daguazen oindiok be. Baiña, esandako moduan, lortutako gauza guztiak bidian aurrera egitten laguntzen daben pausuak dira eta, horregaittik, Eibarko pentsiodun eta jubilauak gure burrukarekin segiduko dogu, askoz be garrantzitsuaguak diran hobekuntzak lortu arte.

- Eta zeintzuk dira eskatzen dittuzuen hobekuntza horrek?

Pensiño duiñak nahi dittugula esaten dogunian, horrekin aditzera emon nahi dogu ez dogula nahi 1.080 eurotik beherako pensiñorik. Alargunen pensiñuak be gitxieneko horretara aillegatzia nahi dogu. Izan be, arlo horretan andra eta gizonen arteko ezberdintasuna oso haundixa da oindiok be, andrazkuen kaltetan, eta horregaittik gizonezkuekin bardintzeko eskaeria guztiz bidezkua dala begittantzen jaku. Horrekin batera, jasangarritasun faktoria bertan behera lagatzia nahi dogu. Politikuak beti dabiz dirurik ez daguala esaten. Ba, hori bertan behera laga ezkero, hortxe dake dirusarrerak gehitzeko aukeria. Eta, horrez gain, 2011 eta 2013. urtietako lan erreformak be indargabetzia, bertan behera lagatzia eskatzen dogu.

- Oin dala urtebete hasi zenduezen mobilizaziñuen harira sortu dan mogimenduak ez dauka parekorik. Manifestaziño eta protesta berezixak ez eze, astero astero kontzentraziñuak egitten segitzen dozue, bai hiriburuetan baitta Eibarren bezala beste herri askotan be...

Egixa esateko, egunen batian soziologuak-edo aztertu biharko daben fenomeno edo mugarri moduko bat ezartzen ari garala uste dot. Urtebetian astero astero biltzen segitziak, berdin detsa eurixa, hotza edo edozelako eguraldixa egittia, duintasuna erakusten dabela eta, burrukaren eredua be badala pentsatzen dot.

- Sarrittan errepikatu dozue zeuen pensiñuen alde mogidu baiño, zeuen burrukia etorkizuneko pensiñuen aldekua dala. Halanda be, egitten dittuzuen mobilizaziñuetan gaztiak faltan botatzen dittuzuela be askotan esaten dozue. Zer pasatzen da ba?

Hala da, gaztiak gehixago inplikatzia nahiko genduke, faltan botatzen dittugu. Askok pentsatzen dabe burruka hau oingo zaharrena eta oingo pensiñuen aldekua dala, Baiña oingo pensiñuen aldeko burrukia izanda be, etorkizuneko pensiñuen alde be badihardugu. Horregaittik, horrekin ez konturatzia tristia da. Adibidez, jasangarritasun faktoriak eureri eragiten detse zuzenian, eta ez guri. Holako gauzak eta beste kontu batzuk be ulertu biharko leukiez, eta ez begiratzen geratu, pentsiodunen burrukia eurekin zerikusirik ez dakan zeozer izango bazan moduan. Oin egitten ari diran erreformak oso kaltegarrixak dira etorkizuneko pentsionistendako. Pensiño bat jasotzeko eskubidia izateko, kotizau biharreko urtien kopurua igo egin dabe aurten bertan. Eta %100eko pensiñua jaso ahal izateko be, kotizauta euki biharreko urtiak 36ra igo dabe. Eta, horrekin batera, norberaren pensiñuaren kalkulua egitteko 15 urtetik 22 urtera egin dabe aldaketia. Horrelakuen eragiña errez aurreikusi leike: etorkizuneko pensiñuak erabateko pobreziazkuak izango dira.

- Pensiñuetarako dirurik ez zala geratzen behin baiño gehixagotan entzun dogu. Horren beldur zarie?

Beldurra hortxe dago beti, ez dogu kontrakorik esango. 60.000 edo 70.000 millioi xahutu dittuan gobernuak ez dau etorkizunerako pensiñuen inguruko iñolako segurtasunik emoten. Baiña, beldurra euki arren, dirua egon badaguala esaten segitzen dogu, Seguridade Soziala gaur egunian eta etorkizunian bideragarrixa izatia borondate politiko kontua, besterik ez dala. Pasatzen dana da neurri neoliberalak dirua benetan daguan tokixetan billatziaren inguruan ez dabela ezer entzun nahi.

- Borondate politikua aittatu dozu. Hauteskunde urtia izanda, politikuak oin arte baiño kaso gehixago egitteko esperantza daukazue?

Jakin badakigu politikuak interesak bultzatuta mogitzen dirala. Politikuak herrixaren alde egitteko daguazela behin eta barriz esaten bada be, nik neuk hori zalantzatan ipintzen dot. Pentsatzen dot politikuak bere ongizate eta besaulkixari begiratzen detsela beste ezeri begiratu baiño lehen eta, gero, pastelaren zatiren bat sobratuz gero, orduan herrixaren artian banatzen dabela. Baiña beraien interes pertsonalak arriskutan ikusten dittuenian, orduantxe bai, herrixaren interesen inguruan berba egittera derrigortuta ikusten dabe euren burua orduan. Gauzak holan izanda, eta hauteskundiak tartian, pensiñuen gaixari heltzia posible dala pentsatzen dogu.

- Bixen bittartian, mobilizaziñuekin segiduko dozue?

Aurreko urte osuan egin dogun moduan, asteroko mobilizaziñuekin segiduko dogu, bai. Ez daukagu atzera egitteko asmorik eta, jendiaren animuak ikusitta, eskatzen dittugunetako asko lortuko dittugula begittantzen jata.

jubilatu manifestazio03