Juan Luis Mardaras, Eibar KE-ko presidente ohia: “Kuaternarioan bizi ginen gaur egungoarekin alderatuz”

Juan Luis Mardaras, Eibar KE-ko presidente ohia: “Kuaternarioan bizi ginen gaur egungoarekin alderatuz”
2019/07/05 eta kitto!
Eibar KE-k Elxen amaitu zuen 2001/02 denboraldia eta Martinez Valero zelaian esan zion agur Juan Luis Mardarasek klubaren presidentetzari. Inor ez da egon bera beste denbora kargu horretan (14 urte) eta bere gidaritzapean taldea foball profesionalean ezarri zen. Presidente kargua utzi bazuen ere, Gipuzkoako Foball Federakuntzan aholkulari moduan jarraitu du eta joan den asteburuan Kirol Merituaren saria eman zioten.

 

- Orain dela 17 urte laga zenuen Eibar KE-ko presidentetza. Zer egin duzu ordutik?

Lan egin jubilatu arte. Nere sasoian presidentetza eta lana uztartu behar izan nituen. 2009an jubilatu nintzen eta etxean lasai egoteko momentua iritsi zen.

- Oraindik sariak jasotzen jarraitzen duzu. Polita da?

Kontua da 31 urte egin ditudala Gipuzkoako Foball Federakuntzan eta datorren urtean lagako dudala. Horregatik eman didate saria.

- Faltan bota izan duzu foballaren eguneroko jarduna?

Eibarko presidente moduan lan asko egin behar izaten nuenez eta ordu asko eskatzen zidan lana zenez, faltan bota nuen libre geratu nintzenean. Alde handia igarri nuen.

- Hala ere, taldea hurbiletik jarraitu izan duzu?

Bai, lagunek jarraitu zutelako talde barruan, baina beti kanpotik jarraitu dut klubaren jarduna, barruko kontuetan sartu barik.

- Urteetan jaso zenuen esperientzia baliagarria zen eurentzat?

Bai. Egoeraren bat gertatzen bazen, antzeko kasuan guk zer egin genuen galdetzen ziguten. Esperientziak horretarako balio du.

- Gauzak asko aldatu dira zuek bizi izan zenuten sasoiarekin alderatuz gero.

Asko gainera! Gu periodo kuaternarioan bizi ginen gaur egungoarekin alderatuz.

- Gaur egungo Eibar KE barrutik bizitzea gustatuko litzaizuke?

Niri sasoi hura bizitzea tokatu zitzaidan eta pozik nago. Ondo egon zen.

- Eibarrek 6. denboraldia jokatuko du 1. mailan datorren urtean eta ia-ia miraria dela diote askok, baina zure sasoian 18 urte egin zituen 2. mailan. Gauza biak alderatu daitezke?

Ezin dira gauza biak konparatu, egoera ezberdinak direlako. Gure sasoian Eibarrek beti kategoriako aurrekontu baxuena zuen, baina gaur egun badaude 1. mailan aurrekontu gutxiago duen taldeak. Beraz, alde horretan taldea hobeto dago. Orain publizitatearen eta babesleen dirua zerutik erortzen da, lehen ate joka ibili behar izaten genuen.

- Gauzak asko aldatu badira ere, zuen sasoiko Eibarren arrastoak igartzen dituzu taldean?

Zuzendaritzan eta teknikarien artean gure sasoiko izpiritua barneratuta dagoela uste dut. Klubak badaki nondik datorren. Taldeak hankak lurrean izan behar ditu eta zentzudun jokatu behar du beti. Erreza da esatea, baina egitea zailagoa da. Nire iritziz zuzendaritzak gauzak oso ondo egin ditu eta harreman sendoak ditu Udalarekin, Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Aurten Ipuruako obrak amaituko dira eta ikusiko dugu Mallabiko kirol-hiria nola doan. Ea harrobitik jokalari eibartarrak irteten diren.

- Taldean jokalari eibartarrak egotea faltan botatzen duzu?

Bai, gutxienez euskaldun gehiago egotea. Eibarren filosofiari eusteko garrantzitsua da kluba ondo ezagutzen duen jokalariren bat egotea. Beste taldekideei gure sustraiak zeintzuk diren hobeto azaltzeko.

- Eibarrek nahiko denboraldi lasaia bizi izan du aurten. Lasaitasunaren bidetik jarraituko duela uste duzu?

Bai. Aurten merezi baino puntu baino gutxiago lortu ditu Eibarrek. Oso ondo jokatu duela uste dut.

- Batzuk Europara begira jarri ziren.

Ez, Europa ez da guretzat. Lan handia eskatzen du eta guretzat egokia ez dela erakusten diguten adibideak ditugu. Denboraldia goiz hasi behar duzu, klub barruan ere baliabide gehiago behar da eta azkenean frakak lurrean dituzula amaitzen duzu. Higadura handia ekarriko luke.

- Gaur egun taldea 1. mailan egonkortu dela esango zenuke?

Bai, baina ezin gara deskuidatu. Gauzak zuzen egin behar dira.

- Eta taldea 2. mailara jaisten bada?

Presidenteak dio muskulua dugula. Beraz, jaisten bagara ere diru asko daukagu eta berriz igo gaitezkeela pentsa daiteke.