Julen Leturiondo, musikaria: “Gustuko erreferentziak hartuta, gustatzen zaidan musika sortu dut”

0    Berriak 
ETA KITTO ETA KITTO
Julen Leturiondo, musikaria: “Gustuko erreferentziak hartuta, gustatzen zaidan musika sortu dut”
ETA KITTO 2019, Abe 13

Musikarekin hazi da Julen Leturiondo eta, ondorioz, musika barrenean darama. Hainbat proiektutan ikusi izan dugu orain arte (Parrapas, Eibarko Koro Gaztea…), baina bide propioa hasiko du orain. ‘Julen’ da musikari eibartarraren proiektu berriaren izena eta otsailean izango dugu bere sorkuntzaz gozatzeko aukera. Bitartean, bere YouTubeko kanalean proiektuaren nondik norakoak jakitzeko aukera duzue.

 

– Proiektu berria martxan jarri duzula aipatu duzu YouTuben, misterio kutsu batekin. Gauza gehiago kontatu ahal diguzu?

Pianoa jotzen dut txikitatik eta aspaldi hasi nintzen abesten Eibarko Koro Gaztean eta abar, baina besteen abestiak kantatzeaz kantsatuta negoen. Orduan, etxean nire musika egiten hasi nintzen, melodiaren bat sortzen, baina ez nuen idazten. Behin baten zerbait idazten hasi nintzen pianoaren laguntzarekin eta ondo zegoela iruditu zitzaidan. Bestetik, ikus-entzunezkoak ikasten nabil unibertsitatean eta argazkilaritza, bideogintza eta horrelakoak gustatzen zaizkien ikaskide batzuekin talde bat sortu genuen, guztion artean proiektu bat aurrera eramateko. Beraz, guzti hori kontuan hartuta, nire kantuekin ikus-entzunezko sorkuntzak egitea da ideia.

– Beraz, proiektuaren izena ‘Julen’ bada ere, ez zaude bakarrik?

Proiektua bi zatitan banatu dugu. Batetik, bideoak, argazkiak… egiten dituen lantaldea dago, eta ni tartean nago, niri ere gustatzen zaidalako. Eta bestetik, arlo musikala dago, abestiak egin eta zuzenekoak eskaintzeko sortuko dugun banda (proiektuarekin konprometituta egongo den musikari bila nabil). Azken finean, talde bat batu gara nire bakarlari bidea hasteko.

– Bideoan diozu zure musika aurkitzeko sasoia heldu dela. Nolakoa da zure musika?

Musika ezberdina entzuten dut. Olatz Salvador eta Izaro asko gustatzen zaizkit eta euren estilorantz jotzen dut, baina Jorja Smith eta soul musika ere asko gustatzen zaizkit. Beraz, oso abesti ezberdinak sortu ditut. Gustuko ditudan erreferentziak hartuta, gustatzen zaidan musika sortu dut.

– Nolakoa izan da zure musika lortzeko bidea?

Letrak idaztea kostatu zait gehien. Asko idatzi behar dut zerbait ona idazteko. Arlo musikala, ordea, bestelakoa da. Musikarekin hazi naizenez, barrenean daramat. Nire bizitza ia osoa musika izan da.

– Hizkuntzari dagokionez, musika euskeraz sortzen duzu?

Hiru hizkuntza erabiltzen ditut: euskera, ingelera eta gaztelera. Ez da bilatutako zerbait izaten. Erritmo edo doinuaren arabera hizkuntza bat edo beste erabiltzen dut.

– Zein momentutan aurkitzen da proiektua gaur egun?

Sortu dudan abesti baten bideoa egiteko ideiak garatzeko geratu gara Gabonetan, eta urtarrilean Gaztain estudioan sartuko naiz abesti bat grabatzeko. Otsailean ikusiko du argia. Abesti bakarra grabatzea arriskutsua izan daiteke, baina ezagutzera emateko modu ona dela uste dugu. Gainera, abestia kaleratzen dugun egun berean bideoa ere argitaratuko dugu. Disko bat grabatzeko denbora, laguntza eta diru asko behar da, eta nahiago dut abesti bakarra egin, baina ona.

– Zer moduz joan da abestia sortzeko finantzazioa?

Ez diot inori dirua eskatu, ezta gurasoei ere. Nire proiektua da eta jendeari eskaini nahi diot, familiari batez ere. Diru gehiena trikipoteoetan eta bestelako lanak egiten lortu dut.

– Nolako abestia da?

Abesti honen ondoren beste bi egitea da asmoa, trilogia bat sortuz. Abestiek pertsona baten bizitza kontatzen dute eta lehenengo kantuan bizitzako etapa oso ilun bat islatzen da. Berba batean esanda, ezintasuna. Sentsazio hori transmititu nahi dugu abestian eta bideoan, eta publikoarengan antsietate moduko bat sortzea.

 

Argazkia: Malen Jainaga.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »