[1. IBILBIDEA] Mutriku-Eibar: Bizkar ibilbidea

[1. IBILBIDEA] Mutriku-Eibar: Bizkar ibilbidea
2021/08/02 eta kitto!
Debabarrenak hainbat egun pasa aukera eskaintzen dizkigu. Hemen dituzue horietako batzuk, Eibartik abiatu eta kilometro gutxitara egin daitezkeenak. Batzuk ezagunagoak izango dituzue eta beste batzuk bertara joateko pizgarri izan ditzakezue. Itsasoa hain gertu izanda, merezi du bertara gerturatzea eta mendiarekin batera proposatzen digun paisaia miresgarriez gozatzea ere. Horregatik, Debak eta Mutrikuk eskaintzen dizkiguten txangoak nagusitzen badira ere, ez dira falta Mendaro, Elgoibar, Soraluze, Ermua eta Mallabiakoak.

 

MUTRIKU-EIBAR: BIZKAR IBILBIDEA

GR 121 E07 / 21,4 km / Eibar-Mutriku

Mutrikutik Arantzazura doan mendi Ibilbide Luze (GR) hau Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko mugatik doa: Kantauri itsasoa Aizkorri-Arazko Natur Parkearekin lotzen du. Deitura egoera horri zor dio, bidea, mugatik, bizkarrez bizkar baitoa eta Bizkaia izena ere “bizkar”etik datorrelako. Xenda honetan zehar Arno KBEa igaroko da eta baita industriaguneak ere, lurraldeari hainbat urteetan indarra eman diotenak: aspaldiko gatzagetatik hasita gaur egungo altzairu lantegietaraino, labe garaiak ahaztu gabe.