170 txirrindularik hartu zuten parte San Juan Sariaren 85. edizioan

170 txirrindularik hartu zuten parte San Juan Sariaren 85. edizioan
2021/06/28 09:42
eta kitto!
Zapatuan gurean jokatu zen nazional mailako junior txirrindularien proba ezin arrakastatsuagoa izan zen eta 170 kirolari bildu zituen Azitain poligonoko irteera puntuan. San Juan Sariaren 85. edizioa Eibarko Txirrindularitza Elkartea Sariaren hirugarrena izan zen eta oraingoan, gainera, Gipuzkoako Itzuliaren barruan sartu zuten, horko hiru etapetako bigarrena bihurtuta.

Parte-hartzaileek 104 kilometro eta erdiko ibilbidea osatu zuten, tartean 2. mailako bi mendate gaindituz Azitain poligonoko Rafael Lapeyra enpresaren aurrean kokatutako helmugara iritsi aurretik. Tropela guztiz apurtuta iritsi zen helmugara eta Hugo Aznar irabazleak 2:39:37ko denbora egin zuen esprintean Unai Zubeldiari aurrea hartzeko; bi segundora sartu zen Unax Iztueta. Bezperan Azkoitian jokatutako prologoaren denborak batura, sailkapen nagusian Unai Zubeldia geratu zen lider, Aznar bigarren geratzeko segundo bakarrera eta Iztueta seira. Mendiko sailkapena Aznarrentzat izan zen, tarteko helmugena Beñat Garaiarrentzat, taldekakoan Ampo-Ikolan nagusitu zen eta lehen urteko junior onena Iban Azanza izan zen.