22 urteko Hodei Ezpeleta aizkolaria Euskadiko txapeldun

22 urteko Hodei Ezpeleta aizkolaria Euskadiko txapeldun
2021/11/29 eta kitto!
Atzo Tolosan jokatutako aizkolarien Euskadiko Txapelketan, eibartarrak txapela jantzi zuen lan ikusgarria egin ondoren. Hasieratik hartu zuen burua eta amaierara arte ez zuen postu hori laga Beotibar pilotalekuan jokatu zen lehiaketan. Xabier Zaldua pentathloiko gaur egungo Euskadiko txapelduna izan zen bigarren, minutu eta 37 segundora, eta atzetik sailkatu ziren Jose Antonio Etxeberria, Oier Kañamares, Iban Resano eta Luis Mari Txapartegi. Lau kanaerdiko, 60 ontzako lau enbor eta lau oinbiko moztu behar zituzten lehiakideek, eta txapeldunak 44 minutu eta 40 segundo behar izan zituen horretarako. Zalduak 46:17ko denbora egin zuen, Jose Antonio Etxeberriak 47:30, Oier Kañamaresek 48:48, Iban Resanok 51:30 eta, azkenik, Luis Mari Txapartegi beteranoak 53:27. Txapeldunak proba amaitu eta gero egindako adierazpenetan Ernesto Ezpeleta “Bihurri” bere aitak prestaketa lanetan eskainitako laguntza eskertu zuen. Adituen esanetan ere hasieratik amaierara Hodei Ezpeleta Eibarko gazteak erakutsitako etengabeko jarduna azpimarratu zen, fisikoki bikain erantzun ziolako hiru ordu laurden iraun zuen lan gogorrari. Emaitza bikaina, beraz, ibilbide ezin zuzenagoa egiten daraman Bihurri gaztearentzat.