“3.000 ibones” zeharkaldia antolatu du Klub Deportiboko mendi batzordeak hilaren 23rako

“3.000 ibones” zeharkaldia antolatu du Klub Deportiboko mendi batzordeak hilaren 23rako
2022/07/15 eta kitto!
Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak, Elgoibarko Morkaiko mendizale elkartearekin batera, opor aurreko azken zeharkaldia izango dena antolatu du, uztailaren 23tik 25era arte egitekoa. Hiru eguneko irteera horretan “3.000 ibones” zeharkaldia egingo dute, hiru etapetan banatuta.

Lehenengo egunean, zapatuan, Soques-etik irten eta Sobako lepotik jarraituz, 2.824 metroko Arriel eta 2.640ko Petit Arriel gainak egin ondoren, Arremouliteko aterpetxean amaituko dute 10 kilometroko ibilbidea, 1.450 metroko desnibel positiboa gaindituz. Hori bai, Arriel gailurretara igotzea hautazkoa da, eta 150 metroko desnibel positibo gehigarria du.

Bigarren egunean, domekan, Arremouliteko aterpetxe horretatik Larribet aterpetxeraino ibilbidea osatuko dute. Zazpi kilometroko distantzian 400 metroko desnibel positiboa gaindituko dute, tartean 2.974 metroko Palas gaina eginez bidean. Palas gailurrera igotzea hautazkoa da eta beste 400 metroko desnibel positibo gehigarria du.
Azken egunean, astelehenean (hilak 25), Larribet aterpetxetik abiatu eta gero, Col de Lie eta Le Lurien eginda, azkenean Fabregesera helduko dira, 950 metroko desnibel positiboa gaindituta 16 kilometroko ibilbidean. Le Lurien igotzea hautazkoa da eta beste 450 metroko desnibel positibo gehigarria du.

Gailurrak egiteko derrigorrezkoa izango da ondorengo materiala eramatea: buruko babesgarria edo kaskoa eta, Palas gailurra egiteko, arnesa, lotzeko soka eta zortzi edo jaitsigailua. Irteera zapatu goizaldean izango da eta prezioak honakoak dira: bazkidea FEDME txartelarekin, 155 euro; bazkidea FEDME txartelik gabe, 185 euro; bazkide izan gabe FEDME txartelarekin, 203 euro; eta bazkide izan gabe FEDME txartelik ere ez badu, 233 euro. Irteeraren prezio horretan, autobusa eta aterpeko afari, gosari eta gaua pasatzeak sartzen dira. Aterpearen edukiera eta autobusaren plazak direla-eta, izen ematea mugatuta egongo da. Irteera horretarako derrigorrez federatuta egon behar da Frantziar Pirinioetako estaldurarekin.