5. TXANGOA: Elgeta-Intxorta-Trintxerak-Asentzio-Elgeta

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
5. TXANGOA: Elgeta-Intxorta-Trintxerak-Asentzio-Elgeta
ETA KITTO 2021, Api 30

Oraingoan proposatzen dugun txangoa zirkulu itxurako irteera da, Elgetako lurretan egitekoa. Askotariko paisaiak eta zuhaitzak ikusi ahal izango ditugu eta, horrez gain, berreraikitako Intxortako trintxera edo lubakiak bisitatzeko aukera izango dugu, Euskal Herrian bizi izandako Gerra Zibilean agertoki garrantzitsua bihurtu zen ingurunean, ahaztu barik Asentzioko parkeko mahaiek eta iturriak eskaintzen diguten gozatzeko paradarekin.

Elgetatik Salbador kaletik irtengo gara, udaletxeari bizkarra emanez, eta Kanpazarrera doan errepidearekin egingo dugu topo, hura gurutzatuko dugu aurrean dugun hormigoizko pista hartzeko. Bertatik igotzen hasita, lehenengoko gurutzebidean eskumara joango gara Anzuategi baserrietara markatzen duten seinaleei jarraituz, zuri eta hori koloreetakoei. Gure eskumara dagoen lehen baserrira heldu baino zertxobait lehenago, gure eskumara hori ere, zuhaitz koniferoen artean gehien hazten den sekuoia-ale bikainaren aurrean izango gara.

Bide zabaletik igotzen jarraituta, beti ere zuri-horizko pinturei segika, pinudiez aparte bi pagadi eder ere gurutzatuko ditugu; hori bai, goiko aldean baliteke lokatz pixka bat ere aurkitzea aurreko egunetan euririk izan bada.

Baserria atzean laga dugunetik kilometroa osatu dugunean, behin basotik irtenda, bidegurutz zabal batera iritsiko gara, hor ezkerrera hartzeko; oraingoan pintura zuri-horiak ahaztu eta pista zabaletik jarraituko dugu igotzen. Bertatik 250 metro eginda ezkerrera doan bidea hartzeko aukera izango dugu, justu aurrean duguna baino errazagoa dena handik gertu dugun Intxortako gainera igotzeko. 743 metrorekin horixe izango da txangoaren punturik gorena, haize-orratz batek koroatzen duen gune irekira.

Antenaren ondotik abiatuta
Jarraian jaisten hasiko gara beste alderantz, daramagun norabideari eutsiz, eta azkar batean zelaigune antzerakora helduko gara; hortik gure eskumara dagoen bide argia hartuko dugu, bertatik jaisten jarraitzeko. Beherago, gurutzebide batean, ezkerrera doan bidea hartuko dugu eta, orain berriro, marka zuri-horiekin egingo dugu topo, bertatik segitzeko Elgetaraino. Pagadi dotore batetik jaitsi eta gero, eta trintxeretara iritsi aurretik, hurritz baso txiki bat gurutzatuko dugu: oso gutxi ditugu inguruan eta merezi du berarekin gozatzea.

Kanpazarrera doan errepidea ikusten dugunean eta bertara heldu aurretik, trintxeretara igotzen duen pista izango dugu ezkerrean. Hor dugu aukera igo eta pasealdia egiteko inguru horretan. Gero jaitsi eta, errepidea gurutzatuta, Asentzioko parkean sartu gaitezke. Toki ideala da atseden hartu eta zeozer hartzeko; mahaiak eta iturria ditugu zain. Inguruneaz gozatzeko tarte horretan bertako ermita eta Asentzioko umael edo putzua nabarmenduko genituzke.

Elgetara itzultzeko bidea umaelaren atzean dago, ermitari begira ezkerrera jota. Pintura zuri-horiek seinalatzen dute eta hor ez zarete galduko, lasai. Bide erdira aspaldiko karobi baten aldamenetik pasatuko gara: sasoi hartako laborantzan pisu handia zuen karea ateratzeko erabiltzen ziren horrelako labeak.

FITXA TEKNIKOA
Distantzia: 7 km.
Pilatutako desnibela: 350 m.
Denbora: Bi ordu eta erdi

 

ibilaldia1 ibilaldia2

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »