Aitziber Urkiola hirugarren izan zen Euskadiko Trail txapelketan

Aitziber Urkiola hirugarren izan zen Euskadiko Trail txapelketan
2023/03/17 eta kitto!
Eibarko Klub Deportiboko atleta hirugarren izan zen Zumarragan jokatutako Euskadiko Trail txapelketan, 23,4 kilometroko ibilbidea osatzeko 2 ordu 42 minutu eta 38 segundoko denbora eginez. Durangon jokatutako 16, 18 eta 20 urtetik azpiko Euskadiko jaurtiketa luzeen txapelketan, bestalde, Enara Magunazelaia taldekideak urrezko domina bereganatu zuen 20 urtetik azpikoetan, 33,14 metroko jaurtiketarekin, aurretik zuen marka bi metrotan hobetuz.

Azkenik, Sabadellen jokatutako atletismoko 20 urtetik azpiko Espainiako Txapelketan Nora Zabala eta Imanol Egidazu Eibarko Klub Deportiboko atletek hartu zuten parte. Zabalak jauzi hirukoitzean 12. postuan sailkatu zen, 11,03ko jauziarekin. Eta Egidazu, brontzezko dominarekin bueltatu bazen ere, heptathloneko lehenengo proban min hartu eta ezin izan zituen esperotako markak lortu. Guztira 5.146 puntu lortu zituen eibartarrak honako markekin: 7,09 segundo 60 metrotan, 6,39 metro luzera jauzian, 12,98 metro pisu jaurtiketan, 1,76 metro altuera jauzian, 8,12 segundo 60 metro hesietan, 4,20 metro pertigarekin eta 2,52.67 minutu 1.000 metrotakoan.