Azken jardunaldian aipatutako hiru taldeek eskuratutako garaipenekin, puntu bakarreko tartean aurkitzen dira hirurak sailkapenaren gorengoan. Hori bai, Bar Txokok errazago izan zuen hiru puntuak eskuratzea, Bali Center Sports taldeari 8-0 nagusitu zitzaiolako. America Sport ere eroso moldatu zen, Gastro Gildari 3-0 irabazita. Gehiago borrokatu behar izan zuen, bestalde, JMR Tankemans-ek, Garajes Garciari gol bakarrarengatik irabazi ziolako (3-2). Hori bai, partidurik galdu gabe dagoen talde bakarra da JMR. Goleatzaileen sailkapenean, America Sport-eko Robertok alde handia hartu du eta bost jardunalditan 11 gol sartu ditu dagoeneko.