Ander Moyaren omenezko bigarren txapelketa jokatuko da ekainaren 3an

Ander Moyaren omenezko bigarren txapelketa jokatuko da ekainaren 3an
2023/05/22 11:12
eta kitto!
Iaz hil zen Ander Moyaren omenezko benjamin mailako foball-7 txapelketa jokatuko da ekainaren 3an, Ermuan, bertako foball-eskolak antolatuta Ermuko Udalaren laguntzarekin.

Txapelketan bi liga egongo dira, liga bakoitza hiru multzotan banatuko da eta lau taldek jokatuko dute multzo bakoitzean (tartean Eibarko bi taldek). Multzoko partiduek 20 minutu iraungo dute, eta final laurdenetatik aurrera 15 minutuko bi zati jokatuko dira. Irabazleek hiru puntu lortuko dituzte, eta berdinketarekin puntu bana jasoko du talde bakoitzak (hori bai, hiru penalti jaurtiko ditu talde bakoitzak, sailkapenean aurretik nor geratuko den erabakitzeko). Horrela, multzo bakoitzeko lehenengo biak eta hirugarren postuan geratzen diren bi talde onenak sailkatuko dira final laurdenetara.

Parte-hartzaile guztiek jasoko dute domina 20:00etan amaituko den jardunaldian, eta atezain, jokalari eta afizio onenek ere saria jasoko dute. Azken neurrian, jardunaldi atsegina eta ondo pasatzea da antolatzaileen asmoa eta egunean zehar jasotako dirua (sarrerak 2 euro balio ditu eta rifak salduko dira euro baten) DIPG buruko tumorearen aurka lanean diharduen elkarteari emango zaio.

ander moya memoriala