Azken asteburuan bi probetan hartu zuten parte gure herriko txakurkroslariek. Batetik, Unai Fernandezek eta “Dunkan” bere txakurrak Zumaian jokatutako Euskal Txakurkros Ligako zortzigarren jardunaldian hartu zuten parte, antolatzaileek prestatutako 8 kilometroko ibilbidea osatuz. Eibarko bikotea hirugarren postuan helmugaratu zen eta, horrela, Ligako sailkapenean ere hirugarren postu horri eusten diote. Euskadiko Txakurkros Liga amaitzeko bi proba geratzen dira bakarrik: domekan Zierbenan jokatuko dena eta hurrengo asteburuan (otsailak 11/12) Hondarribian egingo dena.
Bestalde, Andoni Mayo “Dexter” txakurrarekin eta Sonia Dominguez “Zeus”-ekin Salamancara gerturatu ziren, bertan antolatutako bi etapako lasterketan parte hartzeko. Zapatu gauean eta domeka goizean, bietan ibilbide berarekin, nagusi izan zen Mayo-Dexter bikotea, horrela garaipena gurera ekartzeko. Bizkorrenen artean izan zen baita Dominguez-Zeus bikotea, azken sailkapenean laugarren amaitzeko.