Ane Zubia atezainaren azken partiduaren atarian

Ane Zubia atezainaren azken partiduaren atarian
2021/05/28 eta kitto!

Grupo Mecalbe lehen taldeko atezainak bere ibilbideko azken neurketa izango du biharkoa. Errenteriako udal kiroldegian izango du hitzordua Eibar Eskubaloiko taldeak, arratsaldeko 18:30ean hasiko den norgehiagokan. Orain arte jokatutako partidu guztiak irabazi ditu gure herriko taldeak eta bihar nahikoa izango dute hiru goleko aldea baino handiagorengatik ez galtzea 1. Nazional Euskal Ligara igotzeko. Beraz, Ereintza Beissier-ekin jokatu beharreko partiduak hainbat aukera eskaintzen dio taldeari maila igotzeko: irabazi, berdindu eta, galtzekotan, hiru goleko errenta dute, emaitza guzti horiek balio diete asmoa betetzeko.


Denboraldi ezin borobilagoa izan da senior mailako emakumezkoen taldearena orain arte, batez beste partiduko 27 gol alde eta 18 baino gutxiago aurkako koefizientearekin. Eta Ane Zubiak zeresan handia izan du emaitza guzti horietan.