Antxitxika Eibar egitasmoa jarri dute martxan jarduera fisikoa sustatzeko

Antxitxika Eibar egitasmoa jarri dute martxan jarduera fisikoa sustatzeko
2022/03/17 eta kitto!
Eibarko Udalak, Wellk enpresa teknologikoarekin eta BIC Gipuzkoarekin lankidetzan, Antxitxika Eibar egitasmoa jarri du martxan, eibartarren artean jarduera fisikoa sustatu eta bultzatu asmoz. Horrela, telefono mugikorretarako aplikazio baten bitartez, kirola modu pertsonalizatuan eta berritzailean egiteko tresnak eman nahi dizkiete herritarrei.

Aplikazioak Eibarren antolatutako kirol-jarduerak gomendatzen dizkie erabiltzaileei, eta kirol-planak egiteko lankideak bilatzea, lagunekin ligak sortzea eta erronka komunitarioetan edo indibidualetan parte hartzea ahalbidetzen du, sariak lortuz.

Egitasmo honen barruan programatu duten lehen jarduerak Osasunaren Mundu Egunarekin egingo du bat, apirilaren 7an. Erronkak ‘Gure planeta, gure osasuna’ du izena eta, bertan, parte-hartzaile guztien kilometroen batuketaren bidez, erronkaren hiru mailak desblokeatu beharko dira. Horrela, 11 sari baino gehiagoren zozketan parte hartzeko aukera egongo da.