Arrate Eibar-ek igoera fasea jokatuko du gaurtik domekara arte Zaragozan

Arrate Eibar-ek igoera fasea jokatuko du gaurtik domekara arte Zaragozan
2022/05/13 eta kitto!
Denboraldiko unerik garrantzitsuena heldu zaio emakumezkoen lehen taldeari, iaz mailaz igo eta aurten ere beste saiakera bat egiteko aukerarekin. Denboraldi bikaina egin du taldeak eta horren saria jasoko du fase honetan jokatuz, berriro igotzea oso zaila dutela jakinda. Asteburu honetan jokatu beharreko hiru partiduak Aragoiko hiriburuan dagoen Valdefierro kiroldegian izango dira: gaur arratsaldeko 18:30ean lehenengoa, Eon Alicanteren kontra. Biharko bigarrenean etxeko IMDEAM La Jotaren aurka izango da, 18:00etan hasita. Eta hirugarrena etzi goizean, 10:30etik aurrera, Montequinto aurkari dutela. Mailaz igotzeko lehenengo postua lortu behar dute; ziur izan borrokatuko dutela.

Gizonezkoen lehen taldeak, berriz, liga txapelketako azken jardunaldia jokatuko du Ipuruan Il capo Hondarribia Bidasoaren kontra, bihar 19:00etan hasita. Lehen postua lortu eta gero, galdu gabe amaitzea dute helburutzat gure mutilek, bi puntu besterik ez dituzte laga bidean zehar eta 28. garaipena eskuratu nahiko dute. Baita liga txapelketa zaletuei eskaini eta, bide batez, eibartarren azken indar animoak jaso azken fasera gogotsu heltzeko.