Asier Cuevas Herri Lasterketa azaroaren 20an jokatuko da

Asier Cuevas Herri Lasterketa azaroaren 20an jokatuko da
2021/11/03 eta kitto!
Hilabete honetako hirugarren zapatuan, azaroaren 20an, jokatuko da Asier Cuevas Herri Lasterketaren 8. edizioa. Klub Deportiboko atletismo batzordeak antolatzen duen herri mailako proba iaz ezin izan zen egin pandemiaren eraginez, baina oraingoan berriro heltzen dio urteroko hitzorduari. Zazpi kilometro eta erdiko antxintxiketaldia Eibarko erdiko kaleetatik egingo da, arratsaldeko 17:00etan hasita.

Klub Deportiboko Atletismo Batzordetik guztioi animatzen digute “egun hori atletismoko jai bat bihurtzeko eta norbera bere erritmora dortsala ipini eta karreraz disfrutatzeko”. Inskripzioak Depor Tabernan egiteko aukera egongo da martitzenetik zapatura arratsaldez (17:etik 19:30era) eta www.sailkapenak.com web orrian. Izen-emateak 12 eurotan daude. “Egin zure korrikaldia eta eman aukera irrifarrari” erabili dute antolatzaileek aurtengo edizioaren lelo gisa.