Asteburu arrakastasua bizi izan zen Eibarren errugbiko Erreginaren Koparekin

2022/05/25 eta kitto!
Gure herrian amaitu zen aurreko asteburuan GPS 7s Iberdrola Erreginaren Kopako aurtengo edizioa, Unben jokatutako hirugarren jardunaldiarekin. Errugbiko modalitate olinpikoan jokatutako azken txanda horretan Cisneros izan zen garaile, finalean txapela irabazi duen Sant Cugat-i 21-14 gailenduz. Sant Cugat aurretik A Coruñan eta Sant Cugat-en bertan jokatutako jardunaldietan nagusitu zen eta, Eibarko finalerdietan Majadahondari irabazita, txapela ziurtatu zuen. Cisneros eta Majadahonda geratu dira, azkenik, Sant Cugat-en atzetik. Kontrako zentzuan, CR Leon azken sailkatuak GPS Iberdrola mailari agur esan dio eta bere tokia igoerako Challege Torneoa irabazi zuen Jabatos RC-k hartuko du hurrengo edizioan.

Eibar Rugby Taldeari dagokionez, etxean jokatzeak postu bat irabaztea ekarri zion, hemen seigarren amaitu baitzuen; dena dela, azken sailkapenean zazpigarren geratu da, A Coruñan eta Sant Cugat-en izan zituen postuan, hain zuzen. Zapatuko jardunaldian eibartarrek 17-12 irabazi zioten CRAT A Coruñari, jarraian gero txapeldun izango ziren Cisnerosekin 21-17 galtzeko eta, egun horretako azken partiduan, CR Leon taldeari 29-0 irabazteko. Domekako jardunaldian, bestalde, Sant Cugat-ekin 21-5 galdu eta gero, Turiari 10-5 irabazi zioten eta, bosgarren posturako borrokan, Olímpico Pozuelorekin 17-7 galdu zuten.

Asteburu bikaina izan da Eibar Rugby Taldeak antolatutakoa: ekimen berezia izanda ere, taldeko arduradunak pozik daude izandako arrakastarekin, etorritako taldeek egonaldi paregabea izan zuten eta zaletu guztiek ere asko disfrutatu zuten errugbiaren mailaz.

 

Argazkiak: Ainhoa Hermosa

[foogallery id="119767"]