Aurten ez da Itzulia Women lasterketarik egingo, baina Donostia Emakumeen Klasikoa jokatuko da

Aurten ez da Itzulia Women lasterketarik egingo, baina Donostia Emakumeen Klasikoa jokatuko da
2021/02/22 eta kitto!
Aurrera atera ahal izateko “azken hilabeteetan lan izugarria” egin arren, Itzulia Womenen lehen edizioa bertan behera utzi behar izan dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Hala adierazi du gaur OCETAk, Itzulia Basque Country eta Donostia San Sebastian Klasikoaren jabeak.

Julian Eraso OCETAko presidentearen berbetan, “Itzulia Womenen ideia Emakumeen Klasikoa oinordetzan hartzea zen. Izan ere, Klasikoa egoera estuan geratuko litzateke, Frantziako Tourrak iragarri behar zuelako Emakumeen Tourra gure Klasikoaren data berean izango zela. Horregatik, izugarrizko lana egin da hitzordua egutegian mugitzeko eta egun kopurutan luzatzeko, Itzulia Women sortuz. Hala ere, aurten ez denez Emakumeen Tourra jokatuko, Emakumeen Klasikoari eutsi egingo diogu”.

Donostia San Sebastian Emakumeen Klasikoa uztailaren 31n jokatuko da. Erasok adierazi duenez, “2019an egin genuen moduan egingo da, gizonezkoen probaren egun berean. Aurreratu dezakegu ibilbidearen zati bat partekatuko dutela, baina baliteke aurreko edizioarekin erkatuta aldaketa egotea. Bi probak egin ahal izatea eta txirrindularitzaren festa Donostia eta Gipuzkoara itzultzea espero dugu, 2019an bezala; oraingoan, dena dela, osasun arloko neurri guztiekin antolatuko da”.

Itzulia Women probaren 2021eko edizioa bertan behera utzi arren, antolaketa lantaldea baikorra da eta 2022an berriz antolatu ahal izateko esperantza dauka: “Badakigu ez dela erraza izango, baina Euskadik eta emakumeen txirrindularitzak horrelako lasterketa bat merezi dute eta, lortu arte, lanari ekingo diogu”, azaldu du Erasok.