Avia Eibar Saskibaloiak garaipen erraza lortu zuen ligako lehen jardunaldian

Avia Eibar Saskibaloiak garaipen erraza lortu zuen ligako lehen jardunaldian
2020/10/06 eta kitto!
Probintziako 2. Mailara igo den taldeak esperotakoa baino garaipen errazagoa eskuratu zuen aurreko zapatuan Ipurua kiroldegian jokatutako ligako lehen jardunaldian. Estreinako partidu horretan eibartarrek 67-47 nagusitu zitzaien Cafes Aitona Askatuak B taldeko jokalariei, hasieratik amaierara arte euren alde eta guztiz kontrolatuta izan zuten norgehiagokan. Atsedenaldian ere markagailuak ondo erakusten zuen eibartarrak agintzen zihoazela, 43-22arekin. Donostiako taldeak jokalari berri asko ditu eta euren eskarmentu falta nabaritu zen partiduko hainbat fasetan; hala ere, partiduak aurrera egin ahala Avia Eibar Saskibaloikoek asko lasaitu zuten euren jokoa eta aldeak ez zuen gora egin. Denboraldi hasiera bikaina, beraz, eibartarrentzat; mailari eusteko egin beharko duten borrokarako oso baliogarria izan daitekeena.