Avia Eibar Saskibaloiak probintziako 2. Mailako txapela jantzi du

Avia Eibar Saskibaloiak probintziako 2. Mailako txapela jantzi du
2021/06/15 eta kitto!

Ipurua kiroldegian jokatutako partiduan Goierri Modelos Ezguba taldeari 62-56 irabazita, Avia Eibar Saskibaloiko 2. maila probintzialeko txapela jantzi zuen, justu maila horretan debutatu duen denboraldian. Arrakastatsua izan da, beraz, eibartarren denboraldia, oraingoan maila igoerarik ez badago ere; baina partiduak horregatik zuen esanahi berezia, 1. Mailako edozein taldek hurrengo denboraldian bertan jarraitzeari uko egiten badio eibartarrak izango direlako postu hori beteko dutenak.


Mailako bi onenen arteko lehia, espero zenez, borrokatua izan zen, eta horretan pisu berezia izan zuen talde biek izan zituzten bajak. Eibartarrek lehen plantilako zazpi jokalarirekin egin behar izan zioten neurketari eta, lehen zatia 13-16 atzetik amaitu ondoren, atsedenaldirako aurrea hartu zuten: 28-21. Mikel Lekunberriren mutilek 39-24ra joan baziren ere, goierritarren erreakzioak 41erako berdinketa ekarri zuen hirugarren zatiaren amaieran. Laugarren zatiko 21-15eko emaitza erabakigarria izan zen, beraz, garaipena etxean geratzeko. Junior mailako Ander Sanchezen lana izan zen daturik aipagarriena, berak lortu baitzituen bederatzi azken puntuetatik zortzi.


Junior mailako mutilen taldeak, bestalde, 26-44 irabazi zion Donostian Aldapeta Maria Ikastetxeari, horrela liga amaieran laugarren postuari heltzeko. Justu partidu horretan esan zion agur mailari goian aipatutako Ander Sanchezek, hurrengo denboraldian lehenengo taldearekin jokatuko baitu. Junior mailako nesken taldeak, bere aldetik, 59-30 galdu zuen Zast Zarautz taldeari egindako bisitan. Eta kadeteetan Avia Eibar Saskibaloiko mutilek 54-40 galdu zuten Arrasaten Mondragon Unibertsiatearen kontrako norgehiagoka.