Barixakuan zabalduko dute Eibarko eskubaloiaren historia laburbiltzen duen argazki erakusketa Errebalen

Barixakuan zabalduko dute Eibarko eskubaloiaren historia laburbiltzen duen argazki erakusketa Errebalen
2022/05/17 eta kitto!
JD Arrateren 75. urteurrena (1947) eta Eibar Eskubaloiaren 10. urteurrena (2011) ospatzeko antolatu dituztenen artean, Eibarko eskubaloiaren historia laburbiltzen duten milaka irudi digitalizatu ipiniko dituzte ikusgai barixakutik aurrera Errebalen, eraikinaren 1. solairuko funtzio anitzeko aretoan. Atzo goizean aurkeztu zuten erakusketa Jon Iraola alkateak, Ander Curiel Kirol zinegotziak, Gaizka Bilbao Eibar Eskubaloiko presidenteak eta urteurrena antolatzeko ardura duen taldeko kideak diren Guadalupe Ibáñezek eta Javier Férnandezek.

Azaldutakoari jarraituta, erakusketa prestatzeko hainbat erakundek eta partikularrek lagatako argazki mordoa erabili dituzte, jasotako milaka argazkiren artean esanguratsuenak aukeratu eta gero. Hala ere, norbaitek irudirik izanez gero, antolatzaileekin kontaktuan ipintzea eskertuko luketela adierazi zuten agerraldian.

Erakusketako irudiak Errebalgo aretoko telebista pantailetan ikusi ahal izango dira, barixakutik maiatzaren 26ra bitartean, 11:00etatik 13:00era eta 18:00etatik 20:00etara. Ondoren, maiatzaren 27tik 31ra bitartean Ipurua kiroldegiko sarrera nagusian ikusteko aukera egongo da.

Herri bazkaria uztailaren 16an

Bestalde, atzoko ekitaldian jakinarazi zutenez, uztailaren 16an (zapatua) herri bazkaria egingo da, hain zuzen ere JD Arrate-ren sorrera 1947ko uztailaren 17an izan zela gogoratzeko. Horren harira, bazkarirako izen-emateak egiteko, galdetegi bat jarri da eskuragarri Eibar Eskubaloia eta JD Arrateren sare sozialetan.

Urteurrenen amaiera-ekitaldia, bestalde, irailaren 26an izango da, JD Arratek Untzaga plazan jokatu zuen eskubaloiko lehen partida ofizialarekin bat eginez. Ekitaldi horretan, besteak beste, hamarkada hauei buruzko pasarteekin editatzen ari den dokumental historikoa ikusi ahal izango da.