Blas omenduko dute domekako Eibar-Getafe partiduan

Blas omenduko dute domekako Eibar-Getafe partiduan
2020/11/20 eta kitto!
Etzi 14:00etan jokatuko da Ipuruan LaLigako hamargarren jardunaldiko Eibar-Getafe norgehiagoka. Hori aprobetxatuz, Eibar FT-ko zuzendaritzak orain dela egun batzuk batzuk Blas Sanchez-Migallon zaletua omenduko du, COVID-19aren eraginez hildako klubeko beste abonatu, akzionadun, zaletu eta jarraitzaileekin batera. Blasek eramaten zuen guardasolak sinbolizatuko du omenaldi hori eta, partiduaren hasieran gordeko den isilune-minutuaren aurretik, Eibarko jokalariak Blasen kapela eta guardasolarekin zelairatuko dira beroketak egitera.

Eibar FT-k Getafek baino bi puntu gutxiago ditu sailkapenean, hori partidu bat gehiago jokatuta. Orain arte eibartarrek ezin izan dute partidurik irabazi Ipuruan eta madrildarrei gauza bera gertatu zaie etxetik kanpo jokatutako partiduetan. Hala ere, Cucurella Eibar FT-ko jokalari-ohiaren taldeak ez du galdu azken denboraldietan Ipuruan jokatutako neurketetan. Eibarrek bost partidu jokatu ditu orain arte etxean eta gol bakarra sartu; zorionez, golik lortu ez arren, bi partidutan berdintzea lortu du.