Boxeo amateurreko zortzi borrokaldi eskainiko dituzte barixakuan Astelena frontoian egingo den jaialdian

Boxeo amateurreko zortzi borrokaldi eskainiko dituzte barixakuan Astelena frontoian egingo den jaialdian
2023/06/06 11:09
eta kitto!
San Juan jaien atarian urtero egin ohi den Boxeo Gaua aurkeztu dute gaur goizean Jon Iraola jarduneko alkateak, Ander Curiel jarduneko Kirol zinegotziak, eta Pepe Perez ‘El Tigre’ eta Montxo Quina jardueraren antolatzaileek. Aurten 25 urte beteko dituen kirol-ekitaldia Astelena frontoian izango da, 22:30ean hasita, eta boxeo amateurreko zortzi borrokaldi (bost gizonezkoenak eta hiru emakumezkoenak) antolatu dira, kategoria ezberdinetan (54 kiloko pisua, 75 kilokoa, 63 kilokoa, 66 kilokoa eta 89 kilokoa), bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan. Besteak beste, honako boxeolariak arituko dira bertan: Dorleta Zubeldia, Oibar Artetxe, Kevin Saavedra, Alison Gomez, Busseif, Jose Perez, Aitor ‘Guda’, Adrian de los Santos, Ibai Aratxamendi eta Cristian Bol. Gimnasio Gasteiz, Bilboboxing, Gimnasio Gasteiz Sport, TATT Eibar eta Burgos Boxing klub eta gimnasiokoak dira, besteak beste. Sarreren prezioa 15 eurokoa izango da aulkian, eta 12 eurokoa harmailetan.

Eibarko Tatt gimnasioak Eibarko Udalaren babesarekin antolatu duen jarduera honezkero oso errotuta dagoela nabarmendu dute antolatzaileek. Iraolaren berbetan, “oso aukera ona da Euskadiko boxeo-klubetako boxeolari onenen borrokaldiez gozatzeko”.

Ander Curiel jarduneko Kirol zinegotziarentzat, bestalde, “boxeo-gau hau herrian dugun kirol-tradizioaren beste erakusgarri bat da. 25 urteko tradizio luze bat, gurekin mantendu den eta beti bezain bizirik dagoen kirol batena. Gainera, emakumezkoen borrokaldiak beste urrats bat dira kirol arloko berdintasunerantz. Ziur nago maila handiko borrokaldiak izango direla ostiralean”.