Deporreko 17 lagun Leongo mendietan izan dira Aste Santuan

Deporreko 17 lagun Leongo mendietan izan dira Aste Santuan
2023/04/13 eta kitto!
Deporreko 17 mendikide abiatu ziren Eguen Santuan Leongo iparmendebalderantz, Sil Garaia, Omaña, La Laciana eta Babia eskualdeetako zenbait mendi gainditzeko asmoarekin. Asturias, iparraldetik, eta Galizia, mendebaldetik, izan zituzten lurralde muga. Mendigainak, orohar, Errioxako Demanda mendisokaren itxurakoak dira eta, diotenez, “abelzaintzaren beherakadak, ota, erratz eta kiñarraren ugaritzea ekarri du. Berezitasunen artean, pagorik apenas ikusten da; ostera, urkidi sailak, haritzak eta gaztainondoak presente daude; abereen artean, bestalde, otsoak, hartzak eta basoilarrak ere badira. Tradizioak dioen bezala, horrelako etsaiei aurre egiteko, txakurrak ere mastinak izan behar dituzte ardiak babesteko”.

Lehen egunean, Asturiasko mugan, Somiedo herri garaitik (1.480 m.), gainez gain, La Cueta herriraino jo zuten, Busmartin, La Orbia (1.823 m.) eta Las Ladreras (1.756 m.) tontorrak zapalduz. 13 kilometrotan 720 metroko desnibela gainditu zuten.

Bigarren egunean, Valdeprado gainetik Degaña herrira jo zuten. “Ibilbide zoragarria eginez”, Fasgueu-ko aintziretatik pasatu eta, Corno de Busmori (1.931 m.), Alto de Bigardon (1.939 m.) eta El Miro (1.985 m.). gainditu zituzten, guztira 16,900 km eginez, eta 992 metro gora.

Hirugarren egunean, Vivero herri txukunetik abiatuz, Salientes bidetik zehar, Pico Nevadin gainditu zuten (2.077 m.). Mendizaleek diotenez, “bere izenari ohore eginez, elurgune handiak ikusi eta zapaldu genituen”. Cuevas del Sil herrian amaitu zuten jarduna, 22,200 km.-ko ibilbidea osatuz eta 981 metro garaiera aldea gaindituz.

Domekan laugarren eguna heldu zen, Aberri Eguna ere ospatzeko zeharkaldietako punturik garaienean, 2.112 metroko Catoute erpinean. Salentinos herritik irten eta, “sarobe eta larremendi politak gurutzatuz, elurgune ugari zituen tontorrera altxatu” ziren; gainez gain, Calogan (2.042 m.), Peña Noguera (1.999 m.), Peña Bóveda (1.942 m.) eta, “muino batetik PRari jarraituz”, irteera puntura itzuli ziren. 18 kilometro horietan 1.200 metroko desnibela gainditu zuten.

Bosgarren egunak Babia eskualde ospetsura eraman zuen menditaldea. Caldas de Luna herriko bainuetxetik abiatuz, Pajaresko tuneletik gertu, Laven izeneko sarobeetara igo zuten, “gero erreka zeharkatuz, gora eta gora eginez erratzak etsai genituela”. Negron tontorreraino (1.896 m.) igota, izugarrizko bistak dastatu zituzten: “Mesetara doan autobidearen presentziak gizakiok ordaindu behar izaten dugun zerga zein latza izan daitekeen erakusten digu”, diotenez. 15 kilometro eta erdiko ibilbidea osatu zuten egun horretan, 857 metroko garaiera aldearekin.

Amaitzeko, eta “dena mendia izan ez zedin”, Caboalles de Abajo herrian (bertan zuten ostatua) meatzarien prozesioa ikusteko aukera izan zuten, bai eta garagardotegi txiki bateko garagardoa dastatzeko ere: “Bitxia, meatze baten ondoan baitzegoen; garagardotegiko jabeek kudeatzen dute, meatzariak izan baitziren!”.