Deporreko atleta gazteenek emaitza bikainak izan dituzte azken txapelketetan

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Deporreko atleta gazteenek emaitza bikainak izan dituzte azken txapelketetan
ETA KITTO 2022, Mai 13

Aurreko zapatuan Durangon jokatutako 18 eta 20 urte azpikoen Euskadiko txapelketetan gure herriko ordezkariek uzta bikaina jaso zuten jokatutako probetan. Horrela, Garoa Magunazelaiak (20tik azpikoetan, xabalinan) eta Imanol Egidazuk (18tik azpikoetan, 400 metro hesiak) txapela jantzi eta urrezkoa irabazi zuten. Zilarrezkoa bereganatu zuten, 20tik azpikoetan, Jone Acuñak (1.500 metro) eta Kepa Marquezek (diskoa); eta 18tik azpikoetan, Enara Magunazelaiak (xabalina) eta Urko Martinezek (altuera). Brontzezkoa ekarri zuen etxera Nora Zabalak, 20tik azpikoetako luzera jauzian. Manex Sarasua bosgarren sailkatu zen luzera jauzian eta Leire Martinek, 400 metrotako bere seriea irabazi bazuen ere, finaletik kanpo geratu zen. Egun berean Donostian jokatutako 16 urtetik azpikoen Gipuzkoako txapelketan, bestalde, Klub deportiboko bost atletek hartu zuten parte.

Atletismo taldeko txikienek, bestalde, hiru asteburutan jokatutako Gipuzkoako txapelketetan (lehenengo saioa Unben jokatu zen) beste lau domina ekarri dituzte Eibarko klubera: infantil mailan, Elene Arrazola lehenengoa izan zen 80 metrotan eta bigarren 150 metroko proban, eta alebinetan Nora Ortueta nagusi izan zen bortexan eta bigarren pelotarekin. Euren taldekideek ere hainbat postu aipagarri eskuratu zituzten.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »