Deporreko eta Morkaikokoek Guara mendizerrara egindako irteeraz gozatu dute azken zubian

Deporreko eta Morkaikokoek Guara mendizerrara egindako irteeraz gozatu dute azken zubian
2022/11/02 10:46
eta kitto!
Lau eguneko zubia ondo baino hobeto aprobetxatu dute Eibarko Klub Deportiboko eta Elgoibarko Morkaiko elkartekoek elkarrekin antolatutako irteeran parte hartu dutenek. Lehen eguneko ibilaldi zirkularrean 24 kilometro eta erdi (1.450 metro inguruko desnibelarekin) osatu zituzten, 1.940 metroko Peña Canciás eginda tartean. Bigarrenean, 22 kilometro pasatxo eginda (1.560 metroko desnibela), 1.870 metroko Cabezo de Guara eta 1.920ko Cubilás ere egin zituzten. Hirugarren egunekoa bereziki gozatu zuten mendizaleek eta “joan-etorria hiru orduta aise egin badaiteke ere, gure bide `gehituekin´ bost ordura joan ginen”, diote. Portal de la Cunarda fenomeno geologikoak harrapatu zituzten guztiz, bere harrizko leiho izugarriaren harrotasunaz txundituta; egun horretako desnibela 800 metrokoa izan zen. Azken egunean ere izan zen gozatzeko tarterik, Peña Aman (1.117 metro) eta Peña San Miguel (1.124) gainditzeaz aparte. Hor ere izugarrizko harkaitz tenteak izan zituzten aurrez-aurre, “ostrokak besteko saiak ikusgai”. 13 kilometro eta erdiko ibilbidea osatu zten azken egun horretan ere, 960 metroko desnibelarekin.