Deporreko mendizaleek Artzaintza Naturbidearen 20. etapa osatu zuten

Deporreko mendizaleek Artzaintza Naturbidearen 20. etapa osatu zuten
2023/06/01 15:28
eta kitto!
Aurreko zapatuan Deporreko txangoak Arabako mendebalderantz jotzen jarraitu zuen. Lalastratik irten Araban, eta San Millán de San Zadornil-en amaitu (bere izenean bi santu dituena, ez da makala Burgosko herrixka hau!). Jarraian duzue ibilbidean bizitakoaren errelatoa:

Lalastratik La Ribera herrixka abandonatutik pasatuz, lau-lau Puron ibaiaren arrastoen bila joan ginen. Ur emari polita darama, egin duen euriarekin uztartzen ez dena. Bada, oso erakargarriak ditu ibaiak bere bazterrak. Kilometro batzuk egin ondoren, behetik gora egin dugu Valdelamediana (1223 m.) tontorraren bila, Santana mendiaren maldatik pasatuz. Batzuk animatu dira gailur hartara ere igotzen. Mendiserrak ezpeldiak ditu nagusi, batzuetan itxi samarra dago bidezidorra baina lortu izan dugu aurrera jarraitzea. Gainez gain goaz, alde batera Arabako lurrak, bestera, Santa Maria de Garoña eta sierra Archena. Ordekan maiz aipatua izan den Garoñako zentral nuklearra ikusten dugu. Hurrengo gailurra Revillanos izango dugu geodesiko bat duena. Goitik beherakoa pago tantaiz inguraturik egin dugu. Belarrezko pista batetik abiatu gara gero bailararantz; bide atsegina hasieran, gero hartxintxarrez josi da eta, luze bihurtu da, jaitsiera. Halako batean, San Zadornil herrixka txukunera iritsi gara eta bertatik beste bi kilometro eta erdiren ondotik, errepidea eta landa-bideak txandatuz, gure helburura heldu gara 25 kilometroren ondoren, San Millán de san Zadornil. Zazpi ordu eta laurden behar izan dugu, geldialdiak barne, zeharkaldia burutzeko.