Deporreko pilotari guztiek gaur jokatuko dituzte jardunaldiko partiduak

Deporreko pilotari guztiek gaur jokatuko dituzte jardunaldiko partiduak
2022/11/04 eta kitto!
Gipuzkoako Txapelketan bete betean, aste honetan pilota partidu guztiak azaroaren 4an, ostiralean, jokatuko dira. Astelena frontoiko ateak zabalduko dituzten zain daudela, oraingoan ere Mendaroko frontoian jokatuko dituzte Eibarko Klub Deportiboko pilotariek etxeko partiduak. Horrela, gaur 19:15ean hasiko den jaialdian, Gipuzkoako Txapelketako hiru norgehiagoka izango dira jokoan. Hasteko, infantil mailako eskuz banakakoetan Liher Gil eta Lazkaoko Sarriegi neurtuko dituzte indarrak eta, jarraian, Xuban Varonak eta Estensoro lazkaotarrak. Amaitzeko, seniorretan eta binaka, Zubizarreta eta Agirresarobe eibartarrek osatutako bikoteak Aretxabaletakoa izango du aurkari.

Kanpoan jokatuko dituzte beste guztiek: Lazkaon, Aratz Amillategik; Aretxabaletan, Patxi Basaras eta Ekain Araolaza kadeteek osatutako bikoteak; Zestoan Ibon Ibarra eta Mikel Caramanzana jubenilek osatutakoak; eta Oñatin Mikel Azkargorta eta Felix Conde seniorrek osatutakoak.