Deportiboko Mendi Taldekoek buzoi berria ipini dute Urko puntan

Deportiboko Mendi Taldekoek buzoi berria ipini dute Urko puntan
2020/12/29 eta kitto!
Atzoko eguna adarra jotzeko egokia zela eta, Klub Deportiboko Mendi Taldekoek Urkon dagoen buzoia aldatzeko eta “broma txiki bat egiteko” aprobetxatu zuten. Diotenez, “Urkoko buzoia ordu batzuk desagertuta eman zituela-eta, Eibar eta Ermuko hainbat pertsona larritu egin ziren, atzo abenduaren 28an. Egun hori aprobetxatu genuen broma txiki bat egiteko. Denbora eta eguraldiaren eraginez, Urkon jarritako buzoia oso egoera txarrean zegoen azken urte hauetan. Horregatik, 2020 urte arraro hau agurtzeko, buzoia aldatzeko momentu egokia zela okurritu zitzaigun”. Buzoi berria 1988ko abenduaz geroztik Urkon bertan egon den buzoiaren erreplika bat da: “Indalecio Ojangurenen omenez jarritako buzoiak lehengoaren egitura, testu eta itxura berberak ditu. Puritito Erdiri bere lana eskertu nahi diogu, bera arduratu baita buzoi zaharra kendu eta berria egin eta jartzeaz. Orain ez daukagu aitzakiarik 2020a Urkora igoz amaitu edo 2021 Urkora igoz hasteko. Dabilen Gorputzari Atxekixarik Ez!”.