Domekako Eibar-Alaves partidurako sarrerarik ez dago

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Domekako Eibar-Alaves partidurako sarrerarik ez dago
ETA KITTO 2022, Aza 15

Domeka arratsaldean, 19:00etatik aurrera, jardunaldiko partidu interesgarriena jasoko duen Ipurua zelaiak inoiz izan duen sarrerarik handiena izan dezake. Partidu horretarako sarrera guztiak agortu dira dagoeneko, atzo Orsaixan-en jarritako kartelak zioen bezala, eta domekan Ipuruan 7.000 lagunetik gora biltzea espero da. Ipuruak 8.164 ikusleen aforoa du eta horietatik 6.000 jarlekutik gora abonatuenak dira. Alavesekoei 306 sarrera bidali zitzaien eta, gehiago eskatu badituzte ere, Eibar KE-k ezingo die gehiago bidali. Partiduak interes berezia du, batez ere igoerari begira, eta Alaves 2. Mailako Liga SmartBank-eko liderra da gaur egun; eibartarrak lau puntura daude eta garaipenak arabarrengandik puntu bakarrera lagako lieke Garitanoren mutilei.

Ipuruan orain arte jokatutako zazpi jardunaldietan batazbeste 4.470 ikusle izan dira. Santanderreko Racing-aren kontra jokatutakoak izan zituen ikusle gehien, 6.658 lagunekin. Albaceteren aurkako partiduan 5.417 lagun bildu ziren, Mirandesen kontrakoan 4.754, Granada aurkari zela 4.501, Ponferradinaren bisitan 4.480 lagun izan ziren eta, azkenik, Teneriferen aurkako denboraldiko lehenengo partiduan 3.024 lagun izan ziren bakarrik. Orain arte Ipuruak 11 aldiz hartu ditu Eibar eta Alavesen partiduak 2. Mailan eta horietako bostetan Eibarrek irabazi du, lautan Alavesek eta beste bietan, jakina, berdindu egin zuten. Ipuruak bien arteko 1. Mailako beste bost partidu ere hartu izan ditu, binakako garaipenekin eta berdinketa batekin. Hortik kanpo, 2. B mailako hiru partiduetan eta Kopako beste batean Eibar KE nagusitu zen guztietan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »