Domekan maila handiko errugbi norgehiagoka izango da Unben

Domekan maila handiko errugbi norgehiagoka izango da Unben
2021/10/08 eta kitto!
Ohorezko Mailako ligako bigarren jardunaldian, Eibar Rugby Taldeak Majadahonda hartuko du Unben eguerdiko 12:00etan. Etziko partidua azken Ligako finalerdia dakarkigu gogora, azken segunduan madrildarren alde amaitu zen norgehiagoka (25-24). Gure herriko klubak babes kanpaina berezia egin du azken hilabeteetan hainbat enpresa edo negoziotan, liga honetarako emakumezko taldearen kamisetak, 1etik 23ra bitartekoak, salgai jarriz.

Jasotako erantzuna gure neskek zelaian egiten duten ahaleginaren parekoa izan da: 15 kamiseta titularretatik, 13 enpresa/negozioek erosi dituzte; eta aulkiko zortzi kamisetetarako, Guridi Rugby Tabernak, beste behin ere, babesa eskainiko du. Honela geratzen da denboraldi berri honetarako babesleen mailako plantilla: Lehen lerroan, 1- Cartonajes Eibar, 2- Excavaciones Bergaretxe eta 3- Apoyo Anonima. Bigarren lerroan: 4 eta 5- One Tenneco. Hirugarren lerroan: 6- Infosec, 7- Kultu eta 8- Distribuciones Vicuña. Lerroan: 9- Asesoria Goar, 10- Monte Real, 11- Grupo Jon Ander, 12- Asesoria Gaurve, 13- XXX, 14- XXX eta 15- EzDok. Aulkian: 16-23 Guridi Taberna. Babesletza-taldea osatzeko bigarren zentro eta hegal bana falta dira, lehenbailehen kontratatzeko asmoz; bestela, fitxaketa horiek neguko merkaturako lagako dira.