Domina bilduma bikaina egin zuen Ipurua Gimnasia Erritmikoak asteburuan jokatutako bi hitzorduetan

Domina bilduma bikaina egin zuen Ipurua Gimnasia Erritmikoak asteburuan jokatutako bi hitzorduetan
2022/06/02 eta kitto!
Gasteizen jokatutako Euskadiko txapelketetan, senior mailako taldeak Espainiako Kopako bigarren faserako bi txarteletako bat eskuratu zuen, hiru zinta eta bi pelotekin egindako ariketarekin. Arguiz, Del Pino, Aranguren, Altuna eta Herederok osatutako boskotea beste behin izango da horrelako lehiaketa batean. Bestalde, federatuetan parte hartu zuen hirukoteak zilarrezko domina irabazi zuen eta ekainaren amaieran jokatuko den Espainiako Txapelketarako sailkatu da. Maila indibidualean, azkenik, zilarrezko domina bi eta brontzezko beste bat irabazi zuten eibartarrek.

Durangon jokatu zen amateur mailako Euskadiko Ligan, bestalde, maila indibidualean Ipuruako jubenil B-koek podiumeko hiru postuak lortu zituzten: Nidia Olasolok eta Uxue Etxeberriak osatutako bikoteak Euskadiko txapela jantzi zuen eta euren atzetik sailkatu ziren Itxaiz Otálvaro, Malen Perez eta Izaro Ibarra. Maila indibidualean Itxaiz Otálvarok urrea irabazi zuen mazekin, Izaro Ibarrak zilarra eta Uxue Etxeberria brontzea. Seniorretan, azkenik, Nahia Zenarruzabeitia laugarren geratu zen sailkapen nagusian.

Asteburu honetan Gasteizen Nazioarteko Vitoria Openaren bigarren edizioa eta amateur mailako kadeteen Euskadiko txapelketa jokatuko dira, Ipuruako hainbat gimnasten parte-hartzearekin.