Edu Sousa: “Gure garaipenarekin Portugalgo umeek gehiago begiratuko diote areto-foballari”

Edu Sousa: “Gure garaipenarekin Portugalgo umeek gehiago begiratuko diote areto-foballari”
2021/10/29 10:18
eta kitto!
Portugalen jaio eta Eibarren hazi den Edu Sousak Areto-Foballeko Munduko Txapelketa irabazi du Portugalekin. Valdepeñasgo Viña Albali taldean jokatzen duen atezainak historia egin du Portugalentzat eta Eibarrentzat, baina oraindik ez du lortutakoa sinesten.

 

Lehenik eta behin, zorionak! Zer sentitu zenuen Munduko Txapelketaren kopa altxatu zenuenean?

Zerbait pentsaezina izan zen niretzat. Lagunekin egoteko eta ondo pasatzeko hasi nintzen areto-foballean jokatzen eta, orain, lortu dudana ikustean, ezin dut sinetsi. Zoramena da. Oraindik ez naiz jabetzen Mundiala irabazi dudala eta selekzioko lagunek ere antzeko sentsazioa dute. Momentu batean ohartuko gara historia egin dugula eta gauza handia egin dugula Portugalen areto-foballa hazi ahal izateko.

 

Beraz, ez zenuten irabaztea espero?

Europako Txapelketa lortu genuen 2018an eta bagenekien irabazteko aukerak genituela, baina faboritoagoak ziren selekzioak zeuden. Mundialaren aurreko kontzentrazioan gure artean komentatzen genuen zerbait ona gertatuko zen sentsazioa genuela, gauzak bereziki ondo zihoazelako, eta horrela izan da. Zenbait partidutan sufritu egin behar izan dugu, baina zapore hobeagoa du faboritoa ez zarenean.

 

Portugalen nola bizi izan da zuen garaipena?

Zoramena izan da han. Finala irabazi eta hurrengo egunean demaseko harrera egin ziguten Lisboako aireportuan. Portugalgo presidenteak gobernu-etxean jaso gintuen eta Ohorearen Domina eman zigun. Munduko Txapelketa irabazten duen lehen kirol federatua izan gara Portugalen eta horrek balio handia dauka. Inork ez zuen espero eta, guztiarekin, umeek gehiago begiratuko diote areto-foballari eta jende gehiagok egingo du apostu kirol honen alde. Azken neurrian, guk areto-foballa aldarrikatu nahi dugu herrialdean, gehiago jokatzea eta profesionala bihurtzea.

 

Mundialaren amaiera gozoa izan zen, baina hasiera nahiko gazia zuretzat, Lituaniara bidaiatu baino egun bat lehenago COVID-19an positibo eman baitzenuen. Nola bizi izan zenuen?

Ez nuen zorterik izan. Mundialaren aurretik 45 egunez egon ginen hotel batean giltzapetuta, pandemiarengatik, eta oraindik ezin dut azaldu nola eman nuen positibo, beste inork ez bazuen eman. Kolpe latza izan zen, azken egunean gertatu zelako gainera. Baina tira, ezin nuenez ezer egin, gertatutakoa onartu nuen, taldekideei ondo nengoela esan eta eurekin etengabe harremanetan egon nintzen, ahal nuen neurrian laguntzen.

 

Finala, ostera, zuzenean ikusi ahal izan zenuen, ezta?

Bai. Positibo eman nuenean taldekideei esan nien finalera iritsiz gero edozein gauza egingo nuela bertan egoteko. Ia bi egunez lo egin barik egon nintzen aurretik Valdepeñasekin partidua jokatu behar nuelako, gero Lituaniara bidaiatu, garaipena ospatu, eta abar. Merezi izan zuen eta urrezko dominarekin itzuli nintzen etxera.

 

Nola iritsi zitzaizun Portugalekin jokatzeko aukera?

Osasunan jokatzen nuenean Portugalgo hautatzaileak esan zidan nire atzetik zebiltzala, Portugalen jaio izanagatik ikuskatzaileek jarraitzen nindutelako. Espainiarekin inoiz jokatu ez nuenez, eurekin jokatu nezakeen eta denboraldiaurreko partidu bat ikustera etorri ziren. Ondo jokatu nuen eta harrezkero Portugalekin jokatzeko konbokatu naute. Bi urte daramatzat selekzioan, poz-pozik.

 

Horrela, jaioterritik kanpo urte asko bizi izan arren, herrialdearekin lotura estua izaten jarraitzen duzu.

Eibarren hazi eta Espainiako taldeetan jokatu dudan arren, Portugal barruan sentitzen dut. Familia hangoa da eta han jaio nintzen. Beraz, selekzioak deitzea demasa izan da niretzat.

 

Esan duzu lagunekin ondo pasatzeko hasi zinela areto-foballean. Nolako oroitzapenak dituzu?

Hasieran, foballean egiten nuen, baina kuadrilako batzuek esan zidaten Debabarrena izeneko areto-foballeko talde bat zegoela eta oso ondo pasatzen zutela. Probatzeko aukera eman zidaten eta asko gustatu zitzaidan. Presidenteari ere gustatu egin zitzaion nola jokatzen nuen eta fitxa egin zidan. 15 urterekin hasi nintzen, 3. mailan jokatzen eta 2. B mailakoekin entrenatzen.

 

Zein bide jarraitu duzu profesionala izateko?

Areto-foballa asko praktikatzen da Euskal Herrian, baina jendeak ez du serio hartzen. Jubeniletan Euskadiko selekzioarekin jokatzen nuenean, ikusten nuen beste toki batzuetan harrobia gehiago lantzen zutela. Beraz, talde profesionalentzat zaila da Euskadiko jokalarien aldeko apostua egitea, ez dagoelako jokalari askorik.

 

Debabarrena taldea ere, adibidez, desagertu egin zen.

Hori da, eta Debabarrena bezala beste zenbait talde daude. Adibidez, hiru aldiz lortu dut igotzea 2. B mailatik, baina inoiz ezin izan genuen 2. mailan jokatu, ez genuelako laguntza ekonomikorik.

 

Gaur egun Valdepeñasgo Viña Albali taldean jokatzen duzu. Azken denboraldietan azpitxapeldunak izan zarete, finalerdietara iritsi … Zein da zuen helburua aurten?

Klubak historian izan duen talderik onena dugu aurten, eta gure helburua ahalik eta goren egotea eta Ligan eta Kopan faboritoei (FC Barcelona, El Pozo eta Inter) gerra ematea da.