Eibar Eskubaloiko Mikel Zuloaga multzoko golegile nagusiena izaten jarraitzen du

Eibar Eskubaloiko Mikel Zuloaga multzoko golegile nagusiena izaten jarraitzen du
2022/10/10 eta kitto!
1. Nazional Mailako Mecalbe Eibar Eskubaloiak aurreikusten zena baino garaipen errazagoa lortu zuen azken jardunaldian Beti Onak talde nafarraren aurrean (32-21). Atsedenaldirako bost goleko aldea lortu zuten eibartarrek eta, horri gehituta Mikel Guerrak atepean egindako lan bikaina, partiduaren kontrola euren eskuetan izan zuten goitik behera. Goleatzaileen arloan, bestalde, Mikel Zuloagak beste bederatzi gol sartu zituen oraingoan eta multzoko nagusiena jarraitzen du izaten; ondo lagundu zioten Garikoitz Viguerak eta Jon Barruetabeñak, sei eta bost golekin hurrenez hurren. Mecalbe bigarren da sailkapenean, Casademont Zaragoza liderrarengandik puntu bakarrera.

Ohorezko Zilarrezko Mailako emakumezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloiak ez zuen zorte bera izan eta 29-18 galdu zuten Iruñean Helvetia Anaitasunaren kantxan. Lehen zatian aurkariei gertutik eustea lortu bazuten ere, eibartarrek azkenean amore eman behar izan zuten bigarren zatian. Ane Treviño eta Naia de Castro izan ziren, beste behin, taldeko goleatzaile nagusiak, bakoitza bost golekin. Galduta ere, maila berriari neurria hartzen joateko hainbat irakaspen eskuratuko zituzten eibartarrek.