Eibar FT Lehen Mailan geratzeko bidean

Eibar FT Lehen Mailan geratzeko bidean
2020/06/29 09:30
eta kitto!
Eibar FT-k aste bikaina borobildu zuen atzo Granadari 1-2 irabazi ondoren eta datorren urtean berriz ere Lehen Mailan jokatzeko aukera asko ditu orain. Eguenean Ipuruan Valentziari 1-0 irabazi ondoren, Mendilibarren gizonek jaitsiera postuak 9 puntura lagatzeko aukera zuten atzo eta ez zuten alperrik galdu.

Liga amaitzeko sei jardunaldiren faltan, Eibar 15. postuan dago sailkapenean (Celta eta Alaves aurreratu ondoren). Eguenean, uztailaren 2an, Osasuna hartuko du Ipuruan 19:30ean eta hurrengo neurketa Sevillaren aurka jokatuko du Andaluzian, hilaren 6an, 22:00etan. Gero jaitsiera postuetan dauden Leganes (etxean) eta Espanyol (kanpoan) izango ditu aurkari, eta Valladoliden (etxean) aurka jokatu ondoren eta Vila-realen (kanpoan) kontra amaituko du Liga.

 

Orellanaren azken neurketa

Granadako partidua amaitu eta berehala, Fabian Orellana jokalariak bere Instagram kontuan adierazi zuen ez zuela Eibarrekin partidu gehiago jokatuko. Jokalari txiletarrak Valladolidekin jokatuko du datorren denboraldia eta bihar (ekainaren 30ean) amaitzen da bere kontratua. Beraz, ez ditu liga amaitzeko geratzen diren sei partiduak Eibarrekin jokatuko.

orellana

Gonzalo Escalante argentinarrak, bere aldetik ez du oraindik ezer aipatu, baina jakina da datorren denboraldian Italiako Lazio taldean jokatuko duela eta bere kontratua ere bihar amaitzen da. Atzo ez zuen minuturik jokatu, ondoezik zegoelako.

Ramis, Pedro Leon, De Blasis, Charles eta Cristoforok ere bihar amaitzen dute kontratua Eibar FT-rekin. Beraz, hurrengo orduetan mugimendua egongo da Ipuruako bulegoetan.