Eibar Hiriko VI. Jiu-Jitsu Torneoa jokatuko da asteburuan

Eibar Hiriko VI. Jiu-Jitsu Torneoa jokatuko da asteburuan
2021/10/29 eta kitto!
Gure herriaren izena hauspotu duen borroka kirol modalitateak asteburu betea izango du oraingokoa. Pandemiaren eraginez iaz egin ez zen lehiaketa berriro berreskuratu dute Kalamua klubeko antolatzaileek eta jiu-jitsu ekialdeko borroka modalitateko Eibar Hiriko seigarren edizioa jokoan izango da Ipurua kiroldegian. Guztira 150 kirolaritik gora izango dira ekitaldian eta, horrez gain, “Espainiako Txapelketa batean baino epaile gehiago, hemengo elkarteetan jasotzen duten tratuarekin zein pozik dauden seinale”. Espainiako txapeldun gehienekin batera (guztira bederatzi autonomietatik datozen borrokalariak izango dira), Frantziatik emakumeen arloko munduko txapelduna ere izango da gure artean. Kalitate handiko torneoa izango da, “Portugaldik ezin badira etorri ere, Frantziako eta Herbehereetako parte-hartzaileak izango ditugulako”. 17 urte ditu gazteenak eta 33 beteranoenak. Eibartarrak 21 izango dira, euretako 10 dominak irabazitakoak Espainiakoetan: “Zeozergatik da Kalamua Euskal Herri mailako klub indartsuena”.

Txapelketa domeka goizean hasiko da, 09:00etan, eta aurretik, zapatu gauez, pisaketak egingo dira eta baita antigenoen kontrola ere, “hainbat opari banatzeaz aparte”. Gurean Arrateko aterpetxean, Hotel Unzagan eta Elgoibarko Aubixan hartuko dute ostatu. Jokatuko diren txapelketak hiru motakoak izango dira: borroka, jiu-jitsu brasildarra eta erakusketa. Eguaztenean Udaletxean egindako aurkezpenean, Manu Agirre eta Julio Gallego Kalamuako ordezkariekin batera, Jon Iraola alkatea eta Ander Curiel Kiroletako zinegotzia izan ziren.